Gorka Urbizu: «Berri Txarrak-en lan berria aurrekoa baino politikoagoa izango da»
1994an Lekunberrin sortu taldeak bide oparoa ibili du euskal rock talderik eredugarrienetarikoa bihurtzeraino. Aurten hamabost urte beteko ditu egun Aitor Oreja eta Mikel Lopez «Rubio» atzean utzi eta Gorka Urbizu (ahotsa eta gitarra), Aitor Goikoetxea (bateria) eta David Gonzalezek (baxua) osatu hirukoteak. Apirilean Steve Albini ekoizle sonatuarekin Chicagon grabatu eta irail partean kalean izango da erronka eta arrisku berriak hartuko dituen disko berria.Anartz BILBAO | BILBO
Berri Txarrak, 2009. Orain lau urte «Jaio.Musika.Hil» lanarekin taldearen ibilbidean mugarri bat jarri eta hiru urteko biran berrehun zuzenekotik gora jo ostean -erdiak baino gehiago Euskal Herritik kanpo- jada hirukote bihurtua genuen taldeak (Aitor Oreja utzi zuten bidean), baxuan Mikel Lopez «Rubio»ren ordez David Gonzalez jarri, eta lan berria atontzen dihardu.
Egun zaletasuna lanbide du Lekunberriko taldeak, eta eguneko hogeita lau orduak musikari eskaintzen dizkio. Hamabost urte betetzen dituen honetan seigarren diskoa plazaratzeko asmoa du hirukoteak, eta GARA Gorka Urbizurekin solastatu da, lan berriaren gaineko ñabarduren berri eman diezagun.
Dagoeneko jakina da sona handiko Steve Albini arduratuko dela lana ekoizteaz. «Aurreko lana ere atzerrian, Estatu Batuetan, grabatu genuen, eta honakoan, etxean bertan, Euskal Herrian, edo kanpoan grabatu serio planteatu ostean, lortu nahi genuen soinua zela-eta aukeratu genuen Albini». Besteak beste, Pixies edo Nirvana rock izarrekin lan egindakoa da chicagoarra, «In Utero» lanean, esaterako. «Nirvanaren lanagatik 100.000 dolar kobratu omen zituen, baina guri ez digu horrenbeste kobratuko, gero!».
Albinik «ekoizle baino, soinu teknikaritzat du bere burua, eta ahalik eta soinu bikainena lortzen saiatuko da, kantuetan askatasun osoa taldeari utzita». Taldeak estudioa hamabost egunetarako hartua omen du, nahiz eta ekoizleari egindako elkarrizketetan, honek grabaketetan hamar egun baino gehiago behar izan dituen disko bikainik ezagutzen ez duela adierazi. «Steve-k berak deitu eta ea benetan horrenbeste egun lotu nahi genituen galdetu zigun». Esfortzu ekonomiko handia egin behar izan duten ustean, atzetik laguntzarik izan duten ere galdetu diogu Gorkari. «Diskoetxeei dagokienez, egun aukerak aztertzen ari gara, baina egia esan, bidaiak kanpo utzita, ez pentsa ekonomikoki horrenbesteko aldea dagoenik hemen edo atzerrian grabatuta». Gainera, behin profesional bihurtuta, «erronka eta arrisku berriak hartzea atsegin dugu, eta saiatzen gara irabaziak handitu eta hobetzeko erabiltzen, musikari itzultzen».
90eko hamarkada gogoan
Grabaketak apirilaren 4an hasiko dira, eta «aurrenekoz, hirurok batera, zuzeneko saioan egingo ditugu» eta bidaia Chicago inguruan bospasei zuzeneko emateko ere baliatu nahi dute. Bestalde, Shellac taldean Albiniren kide den Bob Weston arduratuko da nahasketak egiteaz. Oraindik datarik ez duten arren, lana «uda bukaeran edo udazken hasieran, irail aldera izango da plazan» eta «izenbururik ez baina ideiak nondik joko duen argi dugu», esan du Gorkak. Bestalde, taldeak «Tour Diary» antzeko bat idatziko du Myspacen sortu blogean, zaleek grabaketaren nondik norakoak ezagutu ditzaten.
Aurreko lana plazaratu eta ia hiru urte luzeko bira egin ondoren, «esan daiteke irailean hasi ginela kantu berriak prestatzen, eta dagoeneko hamaika inguru eginak ditugu», aitortu digu Urbizuk. Diskoa gauzatu arte xehetasunen berri ematea ezinezkoa bada ere, «Berri Txarrak-en kutsua izango du, baina inork ez dezala espero `Jaio.Musika.Hil' lanaren bigarren parterik». Izan ere, «punk soinu ugari izango du, eta nolabait esateko 14-15 urte genituen garaiari, 90eko hamarkadari, omenalditxoa egingo diogu». Letrei dagokienez, berriz, «aurrekoa baino lan politikoagoa izango da, lau urte pasa diren arren, gauzak onera egin beharrean gaiztotu egin direlako», Lekunberrikoen ustez.
Beste berrikuntzen artean, ezin ahaztu baxu-jotzaile berria, Mikel Lopez «Rubio» orain dela gutxi ordezkatu du-eta. «Taldean kide berri bat izatea beti nabaritzen da, eta hiru izanda zeresanik ez. Horrela ez balitz, gainera, seinale txarra litzateke», Urbizuk azaldu digunez. Davidek, «baxua jotzean duen trebetasunaz gain, sekulako ilusioa erakutsi du».
Hirukoteak hamabost egun hartuko ditu, apirilaren 4tik aurrera lan berria Chicagon grabatzeko. Gero, paraje haietan bospasei datako biratxo bat egin nahi dute, zuzenean jotzeko. Eta behin lana prestatuta, uda bukaeran edo udazken hasieran, irail aldean, helduko da zaleen eskuetara.