GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Euskal musikaren krisia, zer krisi?

Andoni TOLOSA | «MORAU» Musikaria

Lagun batek hauxe esan zidan joan den egunean taberna batean: «ez zekiat baina iruditzen zaidak kantari adina entzule daudela gaur egun euskal musikagintzan». Bien bitartean duela 28 urte sei hilabete eta lau egun kaleratutako disko bat entzuten genuen. Horixe zen egoeraren soinu banda. Berdin zait taberna horretan sartzen zaren %67an disko bera entzuteak. Ez dut horren inolako azterketarik egingo, akaso, tabernari gajoek badutela nahikoa bere eguneroko bizimodua aurrera eramatearekin musikaren gisako txepelkeriaz arduratzeko. Edo, oso tabernari gutxi, eta benetan estimatuak, ezagutzen ditudala musikaz inolako ardura erakusten dutenak.

Ez, kontua harantzago doa. Zenbat entzule erakartzeko gai izan da euskal musikagintza (euskal musikaren industria) azken urtetan? Edo okerrago, zenbat entzule galdu ditugu epe berean? Eta begira, erruak banatzen hasiko naiz txoko honek ematen didan zigorgabetasuna erabilita.

Lehenik eta behin euskal artistok dugu horren errua. Gai izan al gara azken urtetan erakargarria gertatzen den proposamenik egiteko? Nagoen ezetz. Baina aizue garenok gara eta daukagun maila daukagu, amateurrak gara gehienak, bakoitzak gure korapiloa askatzen dugu, eta gehienak dagoeneko aspaldi idatzitako bideak jarraitzen ditugu. Ezer freskua, ezer berria? Zer uste dugu entzulea tontoa dela!

Ondoren, eta nola ez, industriarena da ardurik nagusiena. Dirua dagoenean ongi, eta tximuari potroak ikusten hasterakoan dena da negarra eta musikarien lan baldintzak murrizteko konpromezu sendoa. Aurreko mendeko formuletan itota, diskoetxe, bitartekari, makro jaialdi antolatzaile, representante eta enparauak behia jaitsi dute esnea agortu arte eta orain komeriak...!

Komunikabideena, berriz, lotsagarria ere izan daiteke. Salbuespen duinak salbuespen, azalekoa oso izan da euskal musikari eskaini dioten arreta. Kritika serio baten falta, hedapen handiena duten komunikabideek bizkarra eman edo kasurik hoberenetan desordutara herbesteratu, edota topikoez jositako eszena musikal indartsuaren espejismoa bultzatu izanak ez digu, bederen, mesede handirik egin.

Iruditzen bazaizue oraingo honetan instituzioak alde batera utziko ditut, haietaz luze hitz egin baitugu azken zutabeetan. Gure herrian gertatzen diren azken aldiko hauteskunde «insolito» hauen hurrengo kapituluaren atarian, izango dira eragile politikoentzat musika baino gauza askoz ere garrantzitsuagoak aipatzeko.

Hori bai, aitortuko dizuet, nire laguna oraindik burukominez dela botatako kalaka medio eta ni, berriz, hementxe jarraitzen dudala Junkerazo bat (barka erdarakada) noiz emango delako euskal musikagintzaren krisia gainditzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo