GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Gernikako bonbardaketaren ikuspegi indartsu eta surrealista, oholtza gainean

Fernando Arrabalek idatzitako «Gernika» antzezlana eskainiko du Hebentik taldeak Maulen. Lanaren bi bertsioak aurkeztuko dituzte Zuberoako hiriburuan, frantsesezkoa otsailaren 12an eta euskarazkoa hilaren 13an. Condor Legioak Gernika bonbardatzen duen bitartean adineko bikote bat bere etxean dago, emaztea komunean lurperatua dagoen bitartean senarrarekin mintzatzen da. Arrabalek 1959an idatzi zuen obrak absurdoa eta estilo zuzena uztartzen ditu.

p048_f01_97x76.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Bonbardaketak perkusionista batek egiten ditu agertoki gainetik. Horrek hurbiltasuna ematen dio eta ikusleari dramatismo ukitu bat ekartzen», azaldu zuen «Gernika» lanaren zuzendari eta aktore Ramon Albistur nafarrak. Soinuak eta antzezleek Condor Legioak Gernika bonbardatu zuen eguneko sentimenduak eta kontraesanak helarazten dizkio ikusleari.

Eserlekuan sentipenak bata bestearen atzetik sortzen dira. «Barre egin behar da ala negar? Norberak ahal duena eginen du», adierazi zuen Pantxo protagonistaren papera egiten duen Pierre Vissler zuberotarrak. Zuzendariak, berriz, horrela azaldu zuen: «Bizitzari buruzko ikuspegi eta hausnarketa absurdoaren munduan sartzen da lana, hori da Arrabalen estiloa. Jendearen joera arrunt ezberdina da eta batzuetan irri egiten dute».

Obra bonbardaketarekin hasten da. Senarra bonbardaketak komunean harrapatu duen emaztearen bila joaten da eta lehenik ea pixa egiten bukatu duen galdetzen dio. Ikuspegi absurdoa horrela lantzen du obrak, Albisturrek azaldu zuenez. «Galdera horren efektua komikoa izan daiteke edo ez. Horrelako taxugabeko elementuak daude obran, baina horrek ere bere zentzua dauka».

Unibertsaltasuna

«Guretzat adierazpena helburu bat da, Gerra Zibilari buruzko zerbait egin nahi genuen. Obra hau unibertsala da, munduko edozein tokitan kokatu daiteke gaur egun, Gazan adibidez», azaldu zuen antzezlanaren zuzendariak.

Protagonistak egun horretan, besteetan bezala, merkatura joateko asmoa zuten adineko senar-emazteak dira. «Jende arruntaren bizipenak kontatzen ditu. Labur azalduta, egileak emakumea komunean dagoela aurkezten digu eta senarra bitartean hausnarketetan murgilduta», nabarmendu zuen zuzendariak.

Hebentik kolektiboak Uhartean taldearen laguntzarekin abiatu du egitasmoa, biak talde ez profesionalak. Hebentikek arte herrikoia eta sorkuntza bultzatzen du Zuberoan. Ramon Albisturrek taldearen dinamika oso positiboki baloratu zuen, «Ez gara konpainia profesionalak, baina maite dugu anitz egiten dugun lana. Lan talde ona osatzea lortu dugu». Albistur eta Visslerrekin batera emakumearen paper nagusia Renate Dreggerrek egiten du.

Barre eta negar

Sentsazioak bata bestearen atzetik sortzen dira ikusleen artean, «Barre egin behar da, ala negar? Norberak ahal duena egiten du», azaldu zuen Vissler zuberotarrak.

Gernikara bidaia eginen du antzezlanak, Euskal Herrian barnako biran

«Korrikaldi handi baten abialdia izan dadin nahi dugu», adierazi zuen Ramon Albisturrek. 2007an Zuberoako Etxebarren eta 2008an Beran eta Lesakan antzeztu zuten Hebentik kolektibokoek antzezlana. Baina oraingoa abialdi berezia da, izan ere, euskarazko bertsioarekin Euskal Herri osoan barrena aritu nahi dute Estatu frantsesean emanaldiak eskaintzeaz gain.

Apirilaren 18an Gernikan bertan antzeztuko dute obra: «Guretzat benetan pozgarria da Gernikan izatea», adierazi zuen zuzendariak.I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo