Michel Berhocoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakaria
Milesker handi bat denei!
Urtarrilaren 29ko ezohiko egunaren ondoren, zuetarik bakoitza eskertu nahi dut bihotz-bihotzetik, auzitegiaren aitzinera etorririk zuen sostenguaren ekartzera. Zuetariko bakoitza mobilizatu baita azken hilabeteotan Euskal Herriko Laborantza Ganberari sostengua ekarriz eta antolatuz. Ehunka, beharbada milaka, laguntzaile zineten: «Ehunen deia»ko sinadurak biltzeko, afixak kolatzeko, sostengu gaualdiak antolatzeko, mezuak hedatzeko, ostatuan lan egiteko, taloak egiteko, karpa muntatzeko, informazio bilkurak antolatzeko, Ehlg doit vivre bloga sortzeko eta eguneratzeko eta abar. 2008ko irailaren 18tik 2009ko urtarrilaren 29ra mugimendua azkartuz joan da, zuen engaiamenduari esker. Ez da estonatzekoa Sostengu Biltzar Nagusiek, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren laugarren urteurrenak eta urtarrilaren 29ko egunek indar emendatzea ezagutu baldin badute, determinazio, lasaitasun, emozio eta itxaropenaren aldetik.
Bere geroaren jabe, demokratikoa, pluralista eta munduari irekia den Euskal Herrian parte hartzen duen egiazko mugimendu soziala eta laborarien proiektua juntatzen ditu Euskal Herriko Laborantza Ganberak. Euskal Herriko Laborantza Ganberari zentzua eta irauteko indarra eman dion prozesu historiko luzearen fruitua da. Horrez gain, erreferentzia ere bada, sinbolo bat, abentura herritarra, interes handiarekin behatu behar dena. Ezin da hautsi, ez eta desegin ere.
Aitortzen dut ardura handi bat sentitu dudala auzi egun horretan, Baionan: laborari diren eta ez direnak bateratzen dituen sekulako abentura horren heinean izatea. Uste dut dena ontsa pasatu dela eta, bakoitzari esker, goi mailako auzia izan dela, kanpoan aldiz jendea saldoka biltzen zelarik, kartsuki eta bozkario handian. Bai! Urtarrilaren 29ak ondorioak ukanen ditu. Denak, zuek eta guk, istorio horren aktoreak gara.
Berriz ere milesker denei, zuetariko bakoitzari, eta laster arte...