GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Edurne Brouard Aldamiz Korrika-AEK

Totem-eko Korrika gala

Korrika 16ren atarian gauden honetan, hainbat ekimen ari gara abian jartzen Korrika 16 kanpaina osoaren barruan; horien artean, joan den urtarrilaren 23an Iruñeko Totem aretoan egin genuen «gala». Ekimen honen prestaketa lanetan azaro aldera hasi ginen, eta gure hasierako asmoa hainbat musika taldetako kantariak bertaratzea zen, besteak beste, Fermin Muguruza, Enrique Villarreal Drogas, Gorka Urbizu, Brigi Koma, Juanillo Skalariak, Xabi Fernandez, Miguel Leoz, Gorka Leihotikan eta Aitor Lendakaris Muertos. Proiektu polita esku artean geneukana, baina hainbat arazo medio, ezin izan dugu oraingoan gauzatu. Bitarte honetan, ordea, gaizki-ulertu potolo bat egon da, eta honen harira idatzi dugu, azalpenetarako, batez ere, egindako akatsengatik barkamen eskatzea izan nahi duen gutun hau.

Zenbait komunikabidetan, tartean urtarrilaren 8ko GARAn, lehen aipatutakoen izenak agertu ziren, Korrika Galan parte hartuko zutela iragarriz. Akatsa handia izan da, benetan, guk geuk ezer ez geneukalako ziurtatuta eta, gainera, aipatutakoek ez zutelako horren gaineko inolako berririk. Areto arduradunen eta geure artean izandako gaizki-ulertu batek izan du horren guztiaren errua, baina, dudarik gabe, geurea da, antolatzaileona, egindako akatsen erantzukizuna ere.

Horregatik, hain zuzen ere, egin nahi izan dugu, publikoki, jendaurrean, honen guztiaren azalpena eta, batez ere, barkamen eskaera: barkatu, beraz, txarto egindakoak, bai, errakuntza tarte dela, zeuen izenak iragarkietan ikusi dituzuenok baita horiek ikusteko asmoz bertaratu zinetenok ere.

Autokritikak zerbaitetarako balio behar duelakoan, hurrengo batean horrelakorik gerta ez dakigun ahal ditugun baliabide guztiak jarriko ditugula ere adierazten dugu.

Barkatu, beraz, txarto eginak eta ea hurrengoetan txalotzekorik baino ez dugun.

Adeitasunez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo