Antzerki, bertso eta kabareta uztartuz sormen lan ausartekin dator Korrika
Korrika kulturala Euskal Herriko makina bat txokotara iritsiko da hainbat kultur alor jorratuz. Ikus-entzuleei emanaldi anitz eskaintzeaz gain, ekimen honek sorkuntza bultzatzea ere badu helburu eta, hortaz, hilabete hauetako euskal eszenetako estreinaldi aipagarrienak bilduko ditu. Bertsoa eta antzerkia norgehiagokan, kafe giroko kabaret lotsagabea edota Galder Perezen azken komedia ero eta bizia dira Korrikan abiapuntua izango duten hiru lanak.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Korrika bera hasteko garaia oraindik iritsi ez den arren -martxoaren 26an, abiatuko baita Tuteratik-, abian da jada euskal kultura bultzatzeko eta esparru desberdinetara zabaltzeko helburua duen ekimena, hots, Korrika kulturala. Sormen lan anitzez beteriko kultur-olatu honek, gainera, estreinaldi ugari ekarriko ditu Euskal Herriko hainbat txokotara. Korrikako antolatzaileek «euskarazko arte eszenikoak bultzatu eta euskal sortzaile berriei bidea egitea» finkatu dute xede moduan, eta horrez gain, benetan nabarmentzekoa da iragarritako emanaldien ausardia. Ohiko moldeetako proposamenetatik aldentzen dira, esaterako, Korrika kulturalaren harira estreinatuko diren «Erregea eta Bufoia», «Kanpainak jo bitartean» eta «Mirande Kabareta» lanak.
Jakina da gaurko euskal agertokietan bertsolariak direla hitza apaintzen nagusiak. Korrika kulturalak dakarren lehen proposamenak nagusitasun hori zalantzan jarriko du, ordea, bertsoen aurrean Bufoia ipiniz, hots, antzerkia. Hori da «Erregea eta Bufoia» lanaren bidez esperimentatu nahi dena, bertsoa eta antzerkia aurrez aurre jartzerakoan garaile nor izango den jakitea. Bihar izango da lan honen estreinaldia, Tolosako Leidor antzokian.
Antzerkiaren ordezkari Ander Lipus izango da, eta hainbat bertsolari izango ditu aurrean. Besteak beste, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Xabi Paya, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina izango dira iragarritako emanaldietan parte hartuko dutenak. Gai-jartzaile Unai Elizasuk jardungo du. Berak azaldu duen eran, «bat-bateko jarduera da lan honen oinarria». Lipus aktorea inprobisatuz arituko da egun Euskal Herrian bat-batean gehien jarduten duten pertsonaia horietako baten aurrean. Halere, bertsolarien erronka ere ez da nolanahikoa, «ohiko jardunetik atera, eta baliabideak moldatzea». Ikuskizun honetan joko interesgarriak sor daitezke, beraz.
Bufoiaren indarra
Ander Lipusek bertsolari bat aurrez aurre duen lehen aldia ere ez da. Lipusek azaldu duenaren arabera, «Bertso tranpak» egitasmoarekin hasitako ibilbidearen bigarren zatia da «Erregea eta Bufoia». Aurreko pauso hartan, Egaña eta Paya anaiekin aritu zen Lipus, bertsoa eta antzerkia nahasten. Hala ere, Elizasuk bi proposamenen arteko aldeak argi ikusten ditu. «Aurrekoetan, Lipusek lehendik prestatuta zituen bere zereginak. Oraingoan, bertsolariak ere maila berean egongo dira, eta erosotasun handiagoa eskainiko die horrek».
Bat-batekotasun horretako prest ikusten du Lipusek bere burua; «entrenatzen ibilia naiz», aitortu du. Eskuetan duen beste ikuskizun batean, ordubete, bi ordu eta hiru ordu inprobisatzen ematen dituela azaldu du eta, zailtasun gehiago izateko, tokian tokiko gaiak lantzen dituela. Antzeko egoeran aurkituko du bere burua hurrengo asteetan, Korrika kulturaren ekimenez bisitatuko duen herri bakoitzean emanaldia desberdina izango baita, lehenik eta behin, gaiak aldatuko dituztelako, eta bestetik, aurrean bertsolari desberdin bat aurkituko duelako.
Ezer ez da dirudiena
Korrika kulturalaren ondoren ibilbide luzea izango duen euskal antzerkigintzako bigarren estreinaldia Galder Perez eta Glu-glu Produkzioen eskutik dator, «Kanpainak jo bitartean». Komedia ero eta bizia atera zaio Perezi, Libe Aranburu eta Ugaitz Alegria antzezleen ondoan.
«Antzezlan ero bat egin nahi nuen eta, horretarako, kokapen zehatz bat behar nuen abiapuntutzat», azaldu du. Otu zitzaion lekurik aproposena intseminazio artifizialeko klinika bat izan zen. Bertan, intseminatua izan nahi duen emakume batek bere hazi-emailea ezagutuko du. Ustekabe horren ondorioz, hainbat gaizki-ulertu gertatuko zaie, egoera barregarri bezain zalapartatsuak sortuz. Nolanahi ere, egileak ohartarazi nahi izan du, bizimodu errealean gertatu ezin den egoera bat dela, halako kasuak kontrolpean eramaten direlako. Izenburuari dagokionez, nabarmentzen du ezer ez dela dirudiena. «Izenak esanahi asko izan ahal ditu, masturbazioari deitzeko era batetik kanpainen soinua duten zentzura arte».
Testua uda amaieratik idatzita zuen arren, hilabeteak eman ditu Perezek bi antzezleekin batera lana prestatzen. «Prestakuntza zoragarria izan da, Libe eta Ugaitzekin egiten dudan hirugarren lana da, eta horrek lana asko errazten du; oso azkar ulertu dugu elkar».
Estreinaldia hilaren 13an izango da, Elgoibarren, Korrika kulturalaren egitarauan. Aurretik, ordea, Ugaoko Jane jauregian aurre-estreinaldia egingo dute, arratsalde honetan, 19.00etan. Oso baliagarria egiten zaie, Galderren aburuz, estreinatu aurretik jendearen harrera ikusi ahal izatea. Korrika kulturala, bestalde, marko paregabe gisa definitu du. «Korrika egiten denean antzezlan askoren estreinaldia tokatzen zait, Euskal Herrian kultura eta euskaran inguruan dagoen egitasmorik potoloenetakoa baita», esan du Perezek. «Kanpainak jo bitartean» zuzentzeaz gain, otsailaren 26an estreinatuko den «Mirande Kabareta»n antzezle da.
Sortzaile, antzezle eta antolatzaileen mugimendu handia ikusita, argi dago Korrika kulturaren eskutik badatorrela hurrengo egunetan Euskal Herri osoan zabalduko den kultur sormenaren olatu indartsua.
Kabareta, komedia, musika eta poesia uztartzetik sortu da Bilbon hilaren 26an estreinatuko den «Mirande Kabareta, Edorta Jimenezek buruan zerabilen ideia bati jarraituz osatu duten antzezlana. Izan ere, Andima Ibiñagabeitiak Jon Miranderi idatzitako gutun bat du abiapuntutzat, zehazki, bertan azaltzen den galdera bat dela-eta: noizko euskal kabareta? Jimenezek politikoki zuzena ez den testu bat idatzi zuen, eta Galder Perez eta Ane Zabalaren laguntzarekin antzeztuko du.
Edortak azaldu duenaren arabera, lan honetan «umorea autoerreferentziala» da, eta, horrez gain, euskararen mundutik egina. Jimenezen ustez, euskaraz izanda ere, umorezko sormen lan gehienek azken kolperako gaztelaniara jotzen dute. «Mirande Kabareta» ikuskizunak Bigarren Mundu Gerra aurreko antzerkiaren ezaugarriak berreskuratu nahi ditu, eguneroko gauzetan oinarrituz sortzen zen harenak. Hala, ez du baztertzen emanaldi batetik bestera aldaketak egiteko aukera.
Edorta itzal bat izango da agertokian, eta Mirande irudikatuko du horrela; Zabala eta Perez, aldiz, ikusgai izango dira. Galderrek ilusio handiz hartu du lan hau, oso «kabaret-zalea» baita. Bestalde, musika da ikuskizun honen beste oinarrietako bat, eta Txuma Murugarren eta Rafa Acebes arduratu dira horretaz. «Ezin da egon kabareta musikarik gabe, funtsezkoa da, zirikada sozial eta politikoen artean kantatu egiten baita», azaldu du Jimenezek.