GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Aldaketak Euskal Herriko txirrindularitza egutegian

Euskal Bizikletak amaiera ipini behar izan dio bere historia luzeari

Txirrindularitza profesionalak gaur egun duen egiturak, alde batetik, eta kirolean ere gero eta nabariagoa den krisi ekonomikoak, bestetik, Euskal Herriko Itzuliaren eta Euskal Bizikletaren bat-egitea ekarri du. Hemendik aurrera, «Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak» izeneko taldea izango da Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa antolatzeaz arduratuko dena. Erabakiaren ondorio nabarmenena, ordea, Euskal Bizikletaren desagerpena izango da.

p006_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Azken asteotan txirrindularitza munduan bolo-bolo zebilen zurrumurrua baieztatu egin da azkenean: Euskal Herriko Itzuliak eta Euskal Bizikletak bat egingo dute. Txirrindularitzaren egungo egoerak eta kirolean ere nabarmena den krisi ekonomikoak horretara bultzatu ditu bi proben antolakuntzak. Egitura berriak «Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak» izena hartuko du eta bere gain hartuko du Euskal Herriko Itzuliaren eta Donostiako Klasikoaren antolakuntza. Jarraitzailearen ikuspegitik, ordea, aldaketak ondorio nagusi bat izango du, eta ez oso pozgarria: Euskal Bizikleta bertan behera geldituko dela.

Nekez izan daiteke berri ona txirrindularitzarentzat izen batekin edo bestearekin gutxienez 70 urteko historia duen lasterketa batek agur esatea. Are gutxiago irabazle zerrenda begiratuta Marino Lejarreta, Fede Etxabe, Gianni Bugno, Piotr Ugrumov, Eugeni Berzin, Miguel Indurain, Abraham Olano, Joseba Beloki edota Haimar Zubeldia bezalako izen handiak aurkitzen baditugu bertan. Erabakia, gainera, ez dator bakarrik, orain dela zenbait egun jakin baikenuen Euskadiko Sei Orduak ere bertan behera geldituko direla aurten.

Baina egoera ez da samurra. Arazoak 2003an hasi ziren, UCI Pro Tourrak lasterketa bere egutegitik kanpo utzi zuenean, eta egungo krisi ekonomikoak ondorioak azkartu baino ez ditu egin. Ikusia zegoen Euskal Bizikletaren etorkizuna kolokan zegoela, eta azkenean bertan behera uzteko erabakia iritsi da, nahiz eta bi egituraren bat-egite bezala saldu den.

Etorkizunean proba historikoa berriz ere martxan jartzeko aukerarik izango ote den galdetuta, Julian Eraso, Euskal Bizikleta Kirol Elkarteko ordezkariak, erabaki hori egitura berriak hartu beharko duela erantzun zuen, baina argi eta garbi utzi zuen «zalantzak» dituela aukera horren inguruan. «Euskal Bizikletak bere lasterketa jartzen du egitura berriaren esku eta helburua proba bakar eta indartsu bat bultzatzea da. Baina Euskal Bizikleta Kirol Elkarteak bere bidea segituko du: afizionatuen taldearekin, emakumeekin...».

Arrate, Pro Tourrean

Euskal Herriko Itzuliaren eta Euskal Bizikletaren bat-egiteak, ordea, ez du ekarriko, oraingoz behintzat, Pro Tourreko probaren berrindartze nabaririk etapa kopuruari dagokionez -beste arloetan gutxi hobetu daiteke maila horretako lasterketa batean-. Eibarreko zaletuei, berriz, kontsolamendu txiki bat geratu zaie: Euskal Herriko Itzuliak etapa amaiera bat izango du urtero-urtero Arrateko gain eder eta ospetsuan.

Hori posible egiteko lan asko egin behar izan dute antolatzaileek. Gasteizek etapa amaiera bat hitzartuta zuen aurtengorako eta bertako Udalarekin akordio bat lortu behar izan da, haren lekua Eibarrek hartzeko. Arrateko etapa apirilaren 8an, asteazkena, ospatuko da.

Behin aldaketa hori eginda, Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea zehaztuta dago jada. Jaime Ugarte antolakuntzako kideak aurreratu zuenez, lasterketa apirilaren 6an, astelehena, hasiko da eta 11n amaitu, larunbata. Aurreneko etapa Ataunen hasi eta bukatuko da, bigarrena Villatuertara iritsiko da, hirugarrenak Arraten izango du helmuga, laugarrena Gueñesen amaituko da, bosgarrenak Zalla izango du helburu eta seigarrena Zallan bertan egingo den ohiko erlojupekoa izango da.

Horrez gain, Ugartek «Euskadi Txirrindulari Antolakuntzak» taldearen egituraketa ere jakinarazi zuen. Hasiera batean, «Organizaciones Deportivas DV» zenaren lau partaidek eta Euskal Bizikleta Kirol Elkartearen beste lau ordezkarik osatuko dute egitura berria.

Bingen Zupiria, EITBko zuzendariak, bestalde, eskerrak eman zizkien bi aldeei lortutako akordioagatik. Izan ere, telebista publikoak bi lasterketak zuzenean eskaintzeko zituen arazoek zerikusi handia izan dute hartutako erabakian.

ITZULIA ZEHAZTUTA

Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea zehaztuta dago jada. Apirilaren 6tik 11ra egingo da eta hauexek dira etapa amaiera hartuko duten herriak: Ataun, Villatuerta, Eibar, Gueñes eta Zalla (azken erlojupekoa ere bertan jokatuko da). Hemendik aurrera, urtero etapa amaiera bat izango da Arrateko gainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo