Anna Boluda: «Morboa baino ez dute bilatzen komunikabideek»
Bilboko Zinegoak nazioarteko zinema jaialdiaren seigarren ediziorako hautatutako Anna Boludaren «Homo Baby Boom» lana aurkeztu zen bart. Kazetari kataluniarraren bigarren lana da eta sei familia homosexualen bizitza erakusten du. Dena den, Boludak adierazi duenez, «bertan ageri diren sei familiak, beraiek hala nahi izan dutelako agertu dira, askok ez baitzuten publikoki agertu nahi, lanean edo familian arazoak ekarriko zizkielako ustean».
Ainhoa LORES | BILBO
Katalunia eta Valentziako sei familia homoparental dira Anna Boludaren dokumentaleko protagonista nagusiak. «Homo Baby Boom» da lanaren izena eta Zinegoak jaialdian aurkeztu zuen bart, gai bereko beste film labur batzuekin batera. Dokumentalak 27 minutuko iraupena du eta haurrentzako bertsioarekin batera dator, azken hau katalanez, eta gaztelania, ingeles eta frantsesezko azpitituluez lagunduta. «Izenburuak gaia ondo azaltzen zuen eta gainera gaztelaniaz, ingelesez zein katalanez esanahi bera zuen, horrez gain, kontuan hartu nuen baby boom homosexuala gertatzen ari dela benetan», azaldu du Boludak.
Anna Boluda Bartzelonan jaio zen eta Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da. Egun, kazetaria eta bideo errealizadorea da. «Homo Baby Boom» bere bigarren lana da. Lehena AEBetan egin zuen. Kazetariak astronomia edo ingurumenarekin zerikusia duten lanak ere egin izan ditu.
Familia homosexualei buruzko lanari dagokionez, honela mintzatu da: «2005. urtean bururatu zitzaidan, homosexualen ezkontzaren legea onartu zenean. Ni garai hartan Amerikako Estatu Batuetan bizi nintzen eta prentsan irakurri nuen apezpikuak eta alderdi politikoak mobilizatzen ari zirela. Baita Aquilino Polaino bezalako gizonek, gurasoek odolean zeukaten alkohol kopuruaz eta beraien haurren homosexualitateari buruz idatzitako artikuluak ere. Hala ere, familia homoparentalei inork ez zien galdetzen, hauei buruz hitz egiten zen existituko ez balira bezala. Hori dela-eta, kalera irten nintzen familia hauek bilatzera eta lege hau indarrean jarri zenetik bizitza nola aldatu zaien galdetu nien», azaldu digu egileak. «Gai honek jendartean ezaguera zabalagoa beharko luke, gainera, gaia lantzen duten komunikabideek morboa bilatzen dute, `El diario de Patricia' saioa kasu. Ez dago inolako trataera seriorik kontu honi buruz».
Dokumental hau egiteko zailtasunak izan ditu Boludak, ez baita batere erraza telebistan agertzeko prest dauden familiak aurkitzea. «Bertan ageri diren sei familiak, beraiek hala nahi izan dutelako agertu dira, askok ez zuten nahi publikoki agertu, lanean edo senitartekoekin arazorik ez sortzeko».
Ikusleak «Homo Baby Boom»-en topatuko duena «oso `aspergarria' da, bertan familia arrunt batek egiten dituen eguneroko gauzak agertzen dira, hau da, fardelak aldatu, afaria egin... Dokumental honek umeak adoptatzeko edo izateko bidea ezagutzeko aukera ematen du», nabarmendu du Annak. Gainera, Zinegoak jaialdian parte hartzeak ate berriak ireki diezazkioke bere lana ezagutarazteko. «Nire helburua dokumentala ahalik eta gehien zabaltzea da, baita eskoletan ere. Horretarako DVDarekin batera gida didaktiko bat dator ikasmaterial gisa erabili ahal izateko».
Zinemagilearen arabera, gero eta errazagoa da homosexualen arteko familiak ikustea, «aita, ama, alaba, semea eta txakurra osatzen duten familia `perfektuek' aspaldi utzi diote bakarrak izateari, gizarteak gero eta hobeto hartzen ditu familia mota berriak». Gainera, «bikote homosexualez osaturiko familia gustuko ez zituztenek, horietako bat ezagutu dutenean, erraz aldatu dute iritzia».
«Dokumentala egiteko orduan aniztasun geografikoa bilatu nahi genuen, horregatik, Bartzelona hiriko familia bat topatu genuen eta baita herri txiki eta kontserbadore bateko jendea ere».
«Nire helburua, orain, `Homo Baby Boom' ahalik eta leku gehienetan aurkeztea eta ezagutaraztea da. Hala ere, baditut beste bi dokumental buruan nahiz eta oraindik horiek proiektuak baino ez diren».