GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Eskubide urraketa asko, berme gutxi

Eestatu espainoleko Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrerako hauteskundeetan bi hautagaitzaren parte-hartzea debekatu eta horiek legez kanpo uzteko ahalegin guztiak egiten ari den unean, Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezi Martin Scheininek parte-hartze politikoa mugatzeko orduan berme gehiago eskatu dizkio Estatu espainolari. Txostenean, atxilotuen tortura salaketak eta tratu txarrak erraztu ditzakeen inkomunikazioa ere bada haren kezka; halaber, Auzitegi Nazionalaren funtzioa, euskal presoen egoera eta beste hainbat eskubide urraketa. Aurrez aurre dira, beraz, NBE eta Estatu espainola. Giza eskubideak betetzea jagon behar duen nazioarteko erakundea eta behin baino gehiagotan giza eskubideak urratzeagatik salatu izan duten estatua.

Ezin uka NBEko kontalariaren txostenaren garrantzia, are gehiago hauteskundeen atarian. Hautagaitzak baztertzeko prozedurako berme falta Alderdien Legearekin eta Estatu espainolaren terrorismoaren definizioarekin lotu ditu, eta argia da Alderdien Legeak bide baketsuen bidez «talde terroristek lortu nahi dituzten helburu politikoen tankerakoak dituen alderdi politiko oro» erakunde terroristatzat har dezakeela dionean. Estatu espainolak giza eskubideei eta askatasunei dien errespetua, hartara, kolokan dago. Hala ere, ondo kontuan izan behar da horrelako txostenen eraginkortasunik eza.

Sarritan aipatu izan da NBEren sinesgarritasunik eza, nabarmen oraindik orain Israelek Gazan egindako sarraskiaren aurrean. Izan ere, Turkiaren eskubide urraketen gainean, Guantanamoko torturen gainean egin dituen salaketek ez dute eraginik izan. Giza eskubideak urratu dituzten estatuek nazioarteko itunei eta NBEren ebazpenei muzin egiten jarraitu dute eta, beraz, gomendioak eta ebazpenak hutsaren hurrengoa izan dira haien aplikazio praktikoari dagokionez. Argi izatea komeni da, nolanahi ere, NBEren sinesgarritasun eza ez dela erakunde horretako adituen txostenen ondorio, ezta hurrik eman ere; aitzitik, sinesgarritasun eza NBEk txosten horiek eraginkorrak izan daitezen erakutsi duen gaitasunik ezaren ondorio baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo