GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Kirmen Uribe: «Aurretik sortutako melodiari hitzak jartzeak emaitza hobeak ematen ditu»

A. BILBAO | BILBO

Poesia mintzagai hartuta, Bilbo Zaharra Forumean parte hartu zuten atzo Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek. Ezagunak dira oso olerkariak musikariarekin batera egindako ikuskizunak, «Bar Puerto» edo «Zaharregia txikiegia agian», eta hitzordua aprobetxatuz poesia musikatzeaz mintzatu gara ondarroarrarekin.

Kirmenek azaldu zigunez, «elkarrekin egindako lanaren errepasoa» egitea zuten atzo xede, elkar ezagutu eta sortu zuten lehen kantua gogora ekarri ostean, «umorez eta ere entretenigarrian, olerkiak irakurri eta kantak joz». Izan ere, «Mikel eta biok lagunak egin ginen lehenengo, eta elkarrekin lanean hasi ginen gero». Uriberentzat garrantzi handia du aipatu adiskidetasunak, nahiago baitu «harremana landu eta konfiantza lortzea; estetika, musika eta literatura edo hainbat gairi buruz hitz egitea, sorkuntzari ekin aurretik».

Mikelen musikari dagokionez, «naturaltasuna gustatzen zait, oso natural idatzi eta kantatzen duela. Sena handia du eta ia berez sortzen zaizkio kantuak, freskotasunez». Urdangarinek ez ezik, besteak beste, Bide Ertzean, Piztiak eta Rafa Ruedak ere musikatu izan dituzte Uriberen olerkiak. Poemak idazteko erari buruz behin idatzi ostean musikarien esku utzi edo musikarien doinuen gainean idatzi izan dituen ere itaundu diogu, eta berak txikitan «Izarren hautsak» entzun eta izandako sentipenak kontatu dizkigu; nola harrigarri egiten zitzaion letra berarekin bi kantu ezberdin entzutea. Bere poemekin ere gertatu zaio horrelakorik: «Magikoa da hori, gauza ederra, behin poema irakurrita musikari bakoitzak nola ikusten duen olerkia, zein musika ateratzen dion», nork bere era duelako gauzak ikusteko. Baina alderantzizko bidea ere egina du. «Melodia bati hitzak jartzean hobeto gelditzen dela uste dut», esfortzu handiagoa eskatu diezaiokeen arren, «erronka bat delako, eta melodiak, musikak sortzen dizkizulako hitzak berez», berak oso gustuko duena.

Elkarlana

Hala ere, elkarlana maite dute gehien. «Askotan egin izan dut elkarlana, Rafa Rueda eta Mikel Urdangarinekin batez ere, eta sarritan musikariak hobetu egiten ditu hitzak, aldaketak edo proposamenak eginez», Zaharregia txikiegia agian» lanean askotan egin zuten legez.

«Internet Kafe» izeneko ikuskizuna dute abian Urdangarinek eta Durangoko Azokarako «Bilbao New York Bilbao» lehen nobela plazaratu zuen Uribek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo