GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Zertarako balio dute gobernuek?

Zer egiten dute gobernuek? Identifikatu al dute krisiaren iturburua? Arduradunen kontra jardunen dute? Gobernatuko al dute, nolabait esateko? Ezta pentsatu ere! Hori ez da gobernuen zeregina! Izan ere, ekonomia aipatzen delarik, gobernuek ez dute gobernatzen!

Esaten digute mundu globalizatu batean bizi garela, ekonomia esparru guztiak elkarri lotuta daudelako. Aspaldiko kontua da, egia esan, batzuen aberastasuna (eta garapena) besteei egindako lapurretari esker gertatu baitzen. Ipuin ederra sinetsarazi nahi digute, baina mugak ez ditu modernitateak gainditu, ezta teknologiak ere. Kolonialismoak eta inperialismoak batu dute mundua, eta ez jendeari askatasun gehiago emateko asmoz, ezta pertsonen arteko ezagutza hobesteko ere, baizik eta lapurreta handiagoak egin ahal izateko.

Gaur egungo krisialdia, honenbestez, sistema zehatz batek ekarri du. Ez da istripu bat, ez da ezbeharra, ez da kasualitatea. Eta ziklikoa izateak ez du deus ere argitzen. Inork ez du krisiaren ardura bereganatu nahi, baina hau gertatzen baldin bada, kapitalismoak dena jan nahi izan duelako da. Kapitalismoak bere krisia eragin du, eta orain, beti bezala, sistemak zapaldutakoei pasa nahi die krisiaren faktura.

Gauzak horrela, zer egiten dute gobernuek? Aztertu al dituzte krisiaren nondik norakoak? Identifikatu al dute iturburua? Arduradunen kontra jardunen dute? Gobernatuko al dute, nolabait esateko? Ezta pentsatu ere! Hori ez da gobernuen zeregina! Izan ere, ekonomia aipatzen delarik, gobernuek ez dute gobernatzen! Ekonomiari dagokionez, ez dago demokraziarik. Ez dago botere zilegirik. Ez dago zuzenbide estaturik. Kapitalismoan, kapitala jaun eta jabe. Dirua eta gobernuen artean nork irabaziko duen jakitea erraza da. Kapitalaren munduak aurre eginen dio krisiari sistema salbatzeko eta etekinik ez galtzeko, eta gobernuek azpiko lana egin beharko dute, kapitalismoaren bideragarritasuna bermatzeko. Horixe baita, kapitalismoan, gobernuen eginbeharra.

Nabarmena da gobernuak ez daudela kapitalismoa zalantzan jartzeko prest. Guk zuzenean jasaten ditugun gobernuei dagokienez, agerikoa da jarrera hori. Horretan ez dago alderik Gasteiz, Iruñea, Madril eta Pariseko gobernuen artean: kapitalaren aginduetara jarri dira denak.

Esan ohi da krisiak aukerak direla; ikasteko, egoera aztertzeko eta neurriak hartzeko aukerak. Horretarako borondatea eta gaitasuna behar dira, ordea. Aipatu gobernuen kasuan, gaitasuna bestelako helburuak gauzatzeko erabiltzen da, eta borondatea nolakoa den lan-erregulazio espedienteak sinatzeko garaian antzematen da, adibidez. Begi bistakoa da gobernu hauek ez dutela indarrean dagoen eredu ekonomikoa, krisia ekarri duena, zalantzan jarri nahi. Sistema horren bermatzaileak dira eta sistema hori salbatzea da beraien lana.

Horregatik, krisialdia ukatu zuten hasieran. Ezbehar txiki bat zen, erraz gaindituko zena. Orain, egoeraren larritasuna ezin ezkutatuz, lanari ekin diotela irudikatu nahi dute, baina alperrik, denok ikusten baitugu interes ekonomiko nagusien txotxongiloak direla. Datuak makillatzen dituzte, egitasmo ederrak aurkezten dizkigute, eta etengabe errepikatzen digute ezinbestekoak direla AHTren gisako egitasmoak. Ereduak kale egin du, baina ereduaren alderik makurrenak areagotu nahi dituzte.

Krisiari aurre egin nahi dioten gobernuak behar dira, ez kapitalaren morroiak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo