GARA > Idatzia > > Kultura

Inauterien tradizioa sormenarekin uztartuko da Hartzaro jaialdian

Uztaritzek inauteriak ospatuko ditu ondoko otsailaren 13a eta 24a bitartean izango den Hartzaro jaialdiaren bidez. Kaskarotak, Hartza, Zanpantzarra elkartuko dira bertan ezohiko ikusgarri berriekin.

p041_f01_148x88.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Hartzaro jaialdiak bere XIII. edizioa ospatuko du ondoko urtarrilaren 13tik 24ra, Uztaritzen. Inauterien karietara antolatua, tradizioan bezainbat sorkuntzan oinarritutako hitzordu ugari proposatuko ditu jaialdiak. Inauterien ospakizunari atxikitako Kaskarotak, Hartzaren esnatzea, Zanpantzarraren auzia, zerri hiltzea eta gisako ekimenekin batera, ikusgarri berriak ere preziatzeko aukera emango du.

«Gaur egun tradizioa direnak, atzo, norbaitek asmaturikoak dira», goraipatu zuen Pierre Haira Herri Soinulariak elkarteko lehendakari eta jaialdiko antolatzaileak. Irizpide nagusi hori gogoan hartuta, urtez urte, Hartzarok tradizioan murgilduta berrikuntzak agertzea izan du xede. «Urtez urte ikusgarri asko izan dira eginak, eta horietariko anitzek festibaletik kanpo hedatzea lortu dute», gehitu zuen.

Horrela, aurten, jaialdiak eskainiko dituen berrikuntzen artean, «Andrearen uzta» deituriko ikuskizuna dago. Thierry Truffault ikerlariak euskal dantzaren inguruan egindako ikerketa batean oinarritu dira ikusgarria sortzeko. Mariya Aneva Petit Théâtre de Pain antzerki taldeko kideak egina, euskal dantza eta garaikidea elkartzen ditu ikusgarriak. Orotara, hirurogei bat dantzari bilduko dituelarik, dantzaren bilakaeraz dihardu lanak, eta, bereziki sail horretan emakumeak izandako parte-hartzea eta transmisioa.

Osoki Hartzaro jaialdiarentzat sortua izan den ikuskizun hori otsailaren 21ean eskainiko dute, Kiroleta ezker paretan. Nafarroa Behereko txalapartariak Paxkal Indoren «Hiri haut!» izeneko kale ikusgarria ere eskainiko dute.

Laboa omenduz

Ohiko animazioekin, aurten, Hartzaron bi ekitaldi nagusi azalduko dituzte. Otsailaren 20an, izan ere, Mikel Laboa omentzea erabaki dute haren kantu herrikoienak eskainiz. Horretarako Jojo Bordagarai eta Christian Borda musikariak izango dituzte. Kantuekin batera, lekukotasunak eta film proiekzio bat egingo dute. Bestalde, jaialdiak iraungo duen bost egunetan Errumaniako Vagabontu txaranga ibiliko da Uztaritzeko karrikak alaitzen.

Pierre Hairak jaialdiak urtero lortzen duen arrakasta nabarmendu nahi izan zuen egitarauaren aurkezpenean. Milaka ikusleez gain, ikusgarrietan zortziehun bat parte-hartzaile ere biltzen ditu festibalak, eta, horien artean hirurehun bat haur.

Haurren parte-hartzea aipatzerakoan, Pierre Hairak transmisioaren garrantzia goraipatu zuen, eta, horretarako Herri Soinulariak elkarteak lekuko ikastetxeekin daraman lana gogora ekarri zuen.

«Ikastaro eta hitzaldiak eskaintzen ditugu eskoletan. Eta, daramagun lan horri esker haurrek ikusgarriak lantzen dituzte. Horiek Hartzaro jaialdian ikusgai izaten dira», argitu zuen Herri Soinulariak-eko lehendakariak. Horrela, haurrei garrantzi gehiago emateko jaialdiaren lehen asteburuko animazioak umeei zuzenduak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo