Normalizazio bidean, .cat bezala, .eus
PuntuEus Elkartea lanean ari da urte bukaeran ICANNen .eus domeinuaren hautagaitza aurkezteko, Interneten euskal komunitatearen ikurra izango litzatekeena lortze aldera. Elkartearen aurkezpenaren egunean abiatu zuen erabiltzaileen atxikimenduak biltzeko kanpaina. Elkarteak esan zuen ez dela erronka txikia, eta hala uste du .cat domeinuaren bultzatzaile nagusietakoa den Amadeu Abrilek ere, bere esperientziatik. 2001ean PuntCat Elkartea sortu eta sostengu bila hasi ziren, eta duela hiru urte domeinua lortu zuten. Baina erronka ez da ICANNek hautagaitza onartutakoan amaitzen, ezinbestekoa baita, ondoren, erabiltzaileen parte-hartzea. Horretaz dihardu Abrilek gaur GARAk eskaintzen duen elkarrizketan. Halaber, .eus hautagaitzari buruzko iritzia agertzen du, iritzi baikorra baina pazientzia aholkatzen duena. Izan ere, berak ez du uste euskal komunitatearen domeinua berehala lortuko denik, baina ondo funtsatua den hautagaitza iruditzen zaio. Euskara eta hura erabiltzen duen komunitatea nazioartean ikusarazteaz gainera, normalizazio bidean, ikur hori ekarpen garrantzitsua izango litzateke. Baina egin beharreko lana ez dagokio soilik PuntuEus elkarteari, euskal komunitate osoari baizik, erakunde publikoei ere bai -Abrilen ustez horiek domeinua kudeatzea komenigarria ez bada ere-, bai domeinua lortu arte, eta bai lortu ondoren ere.