AIZKORA Urrezko Lehiaketa
Azpeitirako bidean, azken geldialdia izango da Uharten
Azurmendi eta Arrospide Arria V.aren eta Rekondoren aurka lehiatuko dira bigarren finalerdian. Norgehiagoka 17.00etatik aurrera jokatuko da.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Binakako Urrezko Aizkorako bigarren finalerdia jokatuko da gaur 17.00etatik aurrera Uharte Arakilgo pilotalekuan. Arria V.a eta Rekondo Azurmendiren eta Arrospideren aurka neurtuko dira. Irabazleak finalerako txartela eskuratuko du. Larretxeak eta Atutxak pasa den igandean lortu zuten sailkatzea.
Gaurko norgehiagoka polita iragartzen da, nahiz eta zaletuen ustez faborito Arrospide eta Azurmendi ateratzen diren. Beren multzoan onenak izan ziren, eta gaurkorako ere zaleen gustuko dira, baina tentuz ibili beharko dute errezildarrarekin eta leitzarrarekin. Beren multzoan Mindegia eta Senosiain ziren finalerdietan sartzeko faboritoak, baina beraiek egin dute aurrera eta saiatuko dira ezustea eman eta finalerako bidea egiten.
Aurreko ekinaldietan bezalaxe, sei proba ezberdin egin beharko ditu bikote bakoitzak, eta lan guztiak denborarik gutxienean amaitzen duen bikoak eramango du garaipena. Gakoa non egon daitekeen adieraztea ez da oso samurra. Agian zutikako enborretan egon daiteke. Hor Arrospide maisua da, eta horrela izaten jarraitzen du, baina zutik baino etzanda lan gehiago dago, eta denetan erregularrena izaten denak eramango du finalerako txartela.
Gaur Uharte Arakilera joaten den zalegoak gazte mailako lehen finalerdia ere ikusiko du. Larretxea lehengusuak Saralegiren eta Olanoren aurka neurtuko dira. Iazko bikote finalistak arituko dira aurrez aurre, eta zaletuen ustez, txapelduna ere hemendik atera omen daiteke.