GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Andoni Sagarna, Iñaki Goirizelaia eta Iratxe Esnaola PuntuEus Elkartearen Zuzendaritza Batzordea

www.guztionartean.eus

Astebetean, ia 18.000 norbanakoren atxikimenduak lortu dira «www.puntueus.org» webgunean. Laguntza eskaintzeko mezuak etengabeak izan dira. .eus domeinua euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako bitarteko bat gehiago izango da, Internet oinarri izango duena

Mila esker. Mila esker erakutsi diguzuen babesagatik. Urtarrilaren 29an PuntuEus Elkartea aurkeztu genuenetik, .eus domeinua lortzea helburu duen proiektuak babes ikaragarria jaso du. «Zabaldu» dioten mezu elektronikoak munduaren luze-zabalean barreiatu dira eta horrek atxikimendu zaparrada bat ekarri du berarekin. Astebetean, ia 18.000 norbanakoren atxikimenduak lortu dira www.puntueus.org webgunean. Laguntza eskaintzeko mezuak etengabeak izan dira. Eta horren aurrean eskerrak ematea da gaurko hitz hauen helburu nagusia. Baina eskerrak emateaz gain, atxikimendu horien benetako garrantzia ere azaldu nahi dugu.

.eus domeinua Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen (EEKK, hemendik aurrera) Interneteko Lehen Mailako Domeinua izango da. Lehen Mailako Domeinuak, Interneteko helbideen azken puntuaren eskuinean gelditzen dira, .org, .info edota .cat bezalaxe. Eta komunitate baten ikusgarritasunari erantzuten dion domeinua denez, komunitateak berak eskatu beharreko domeinua da .eus. Beraz, ezinbestekoa zaigu komunitatearen sostengu hori erakustea, eta hau bide bat baino gehiago erabiliz egin daiteke: atxikimenduak lortuz eta PuntuEus Elkartea bera ahalik eta gehien zabalduz.

Norbanakoen atxikimenduak, beraz, oso garrantzitsuak dira. Ahalik eta atxikimendu gehien lortu behar dugu eta, eskaria aurkezten dugunean, jasotako atxikimendu kopurua EEKKren babesa adierazteko argudio bat gehiago izango da. Horregatik, hain zuzen, lehen aste honetako atxikimendu zaparradari eutsi behar diogu. .cat eskatu zutenean, 68.000 atxikimendu jasoak zituzten. Guk, astebetean, ia 18.000. Beraz, segi mezuak zabaltzen. Segi atxikitzen.

Egia da orain arte ez dugula atxikimendu kolektiborik emateko aukerarik ireki, hots, webgunearen bitartez, soilik norbanakoek eman dezaketela atxikimendua. Baina elkarte eta talde askok atxikimendu kolektiboa emateko nahia helarazi digute, eta, datozen egunotan, horretarako aukera ere irekiko dugu.

Beraz, atxikimenduak lortzea ezinbestekoa da EEKKren babesa adierazteko. Babesa erakustea da, hain zuzen, PuntuEus Elkartearen helburuetako bat. .eus domeinua hizkuntza eta kultura komunitate bati erantzuten dion domeinua da eta, beraz, .eus domeinua ezin dezake norbanakoak eskatu. Beharrezkoa da EEKK ordezkatuko duen eta horren izenean .eus domeinua eskatuko duen kolektibo bat sortzea, eta horretarako sortu da PuntuEus Elkartea, EEKK artikulatu eta berau nazioarteko ICANN erakundearen (www.icann.org) aurrean ordezkatzeko. Baina ordezkaritza horrek ezin du nolanahikoa izan, PuntuEus Elkarteak EEKK modu esanguratsuan ordezkatu behar baitu.

PuntuEus Elkartea duela urtebete sortu zen hamaika elkarteren ekimenez; hau izan zen abiapuntua. Orain PuntuEus Elkartea zabaldu egin behar da eta, beraz, PuntuEus Elkartea termino kuantitatibo eta kualitatiboetan, elkarte gehiagok osatu behar dute. Elkartea osatu orduko hasi ginen zabaltze lanarekin, eta aurkezpena egin genuen egunetik bertatik, PuntuEus Elkartearen parte izateko prest dauden zenbait elkarteren mezuak ere jaso ditugu. Hau guztion artean aurrera atera beharreko proiektua da, beraz. .eus domeinua euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako bitarteko bat gehiago izango da, Internet oinarri izango duena. Izen bat, ikur bat, «sareen sarean» euskara eta euskal kulturaren ikusgarritasuna eta bere komunitatearen aitorpena ekarriko duena.

Proiektu honetan inor ez dago soberan. Ekarpen txiki guztiak garrantzitsuak bezain baliagarriak dira. Astebete honetako erantzuna izugarria izan da eta guztion artean lortu dugu. Baina atxikimendu asko jasotzeaz harago, parte-hartzea oso aktiboa izan da eta hori da hitz hauekin eskertu eta azpimarratu nahi duguna.

Mila mila esker, beraz, danoi. Guztion artean eta guztiontzat: .eus.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo