GARA > Idatzia > > Kultura

KRONIKA «Itxasoaren alaba»

Mina baretu eta aitaren irudia berreskuratzeko bidaia egin du Haizek

Mikel Goikotxea «Txapela» ezagutu zutenen ahotik bere aita zena ezagutuko du Haizek, atzo Bilbon eta Gernikan aurkeztu zen «Itsasoaren alaba» dokumentuan.

p048_f01_199x100.jpg

Anartz BILBAO

Bilbo erdialdeko Capitol zinemak ez zuen asko falta izan, atzo eguerdian, aretotzar nagusiko besaulki guztiak betetzeko. Eta hitzorduak merezi zuen, Josu Martinezek idatzi eta zuzendu «Itxasoaren alaba» dokumentala lehen aldiz bertan botatzekoak ziren-eta. Haize Goikoetxeak aita ezagutzeko egin duen bidea kontatzen du dokumentuak. Mikel Goikoetxea, «Txapela», ETAko militantea, GALek hil zuen orain dela hogeita bost urte, Haize alaba txiki-txikia zela.

Martinezek azaldu zigun lanaren abiapuntua: «Haize ezagutu eta gutxira, aitari buruz ia ezer ez zekiela esan zidan, eta zauri hori arintzen laguntzeko eskatu». Baina Haizeren mina arintzeaz gain esku artean «erakutsi beharreko istorio» bat zutela ikusi eta dokumental bat atontzeko asmoa agertu zion Martinezek Goikoetxeari.

Begirada hunkigarriak

Haize berarekin ere solastatu ginen, Gernikan dokumentala aurkeztetik heldu berritan, eta aurkezpenean izandako sentipenen berri eman zigun berak. «Jendea hunkitu egin da eta eskerrak ematera ere etorri zait» aipatu digu lanaren harrerak harritutako Haizek: «Ez nuen espero horrenbeste konektatuko zutenik».

Haizek aita zena ezagutzeko egindako bidaia erakusten digu dokumentalak, Mikel Goikoetxearekin harremana izan zuen jendearekin izandako elkarrizketen bitartez. Bidaia horretan Haizeri aitaren txikitako kontuak kontatuko dizkio atzoko proiekzioaren ostean hunkitua zegoen izeko Argiñek, eta borroka armatuan egindako bidea Mitxel Sarasketak eta «Pinturas»ek, besteak beste. Maribe Prietok, GALek hil zuen Jabier Galdeano «Egin»eko kazetariaren alargunak, Mikelek Ipar Euskal Herrian euskarazko klaseak nola ematen zizkien kontatuko dio Haizeri, eta Peixotok ere Hodei arreba txikia zeneko oroitzapen hunkigarriak ekarriko dizkio. Bukatzeko, Izaskun Ugarte amarekin bilduko da Haize, aitaren hilketaren berri izateko.

Modu horretan «Mikel ezagutu eta zirkulu bat ixteko» balioko dio dokumentalak «Txapela»ren alabari. «Itxasoaren alaba»ren bidez, «mina baretu eta aitaren irudia berreskuratu» du, eta aurrerantzean «lehen tristurari lotuta zegoen bezala, gaur egun bizitzari eta poztasunari lotuta ere ikusten dut». Eta gizarteari, Euskal Herriko gatazkaren barruan, «edo gatazka askoren barruan, nirearen antzeko bizitza daukan jendea ere badagoela eta jende horrek ere bizi izan duela bakardadea eta ezezagutza. Aldarrikatu beharra dugu hori guztia bizi dutenei ere eman behar diegula babesa».

Gure iragan hurbileko pasarte ezkutuak ezagutu eta Haize babestu nahian, bere bidaia partekatu genuen atzo dokumentala ikusi eta haren historia ezagutu genuen guztiok, hunkiturik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo