GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Zorrik gabeko ekonomia baterantz

Funtziona ote dezake ekonomia moderno batek zorrik gabe? Litekeena ote ekonomia batek funtzionatzea, zorren bidez gobernuak defizitak finantzatzeko aukerarik ez badu? 2008. urteko azken hilabeteetan, ia egunero, esan zaigu ekonomia ezin dela martxan jarri, ezin dela depresio ekonomikoa alboratu, ez badira bankuak aritzen berriz ere maileguak luzatzeko. Eta, jakina denez, maileguak luzatzeak esan nahi du jendea, konpainiak eta gobernu-erakundeak are zor gehiagotan sartuko direla.

Oraintsu arte, ekonomiaren helburuak hauexek izan dira: (1) bazka librea lortzea; (2) gobernua alboratzea, zergak ez ordaintzeko; eta (3) zergak lan-indarrean eta kapital industrialean jartzea.

Gaurko fikzioa ondokoa da: uste izatea ekonomia «errealak» ez duela funtzionatuko ez bada finantza-sektorea bere galeretatik ateratzen. Zoramena da errealitate ekonomikoa zor deflazioan sartzea, hartzekodunei diru-laguntza luzatuz, beraien konputarizatutako fikziozko balantze-orriak errealitate ekonomiko baten ispiluak balira bezala.

Zor osoa da ekonomia itotzen duena. Izan ere, aktiboen merkatuan azaltzen da inflazioa nonahi, hots, akzio, bonu eta higiezin errealen prezioetan. Ondorioz, zor ordainketak errenta ondasunetan eta zerbitzuetan gastatuak izatetik desbideratuta daudenez, deflazioa azaltzen da edonon. Zor zerbitzua zurituz gero, ondasun eta zerbitzuetarako merkatua itoko da, eta ondorioz langabezia hedatu.

Diruaren estatu-teoriaren arabera, diruari estatuak (hots, gobernuak) ematen dio balioa; eta horretarako diru hori zerga ordaintzeko onartua izan behar da. Diruaren balioa zergapetzeari berari dagokio. Hortaz, zor arazoa ez da ebatziko harik eta arazo fiskala konpondu arte, hots, zerga sistema berri bat martxan jarri arte.

Finantza-arazoa eta arazo fiskala erabat lotuta daude. Beraz, zor osoaren arazoa, finean, arlo politikoan ebatziko da, zerga progresiboak martxan jarriz, bazka librea zergapetuz, gobernuak bere eginkizunari eutsiz (zergapetzeko eta dirua jaulkitzeko), eta lan-indarra eta kapital industriala zergapetzetik askatuz.

Inongo ekonomia ez daiteke haz interes konposatuen bidez, zorra hazi den moduan. Hortaz, kreditu-inflazioak -hau da, zor arazoari irtenbidea emateko zor gehiago sortzea-, berez, ez du gaurko arazoa konponduko. Irtenbidea eremu politikoan gertatuko da, inon gertatzekotan. Ez da biderik zor osoa ordaintzea. Dagoen irtenbide bakarra zorrak deuseztatzea da. Hortaz, zorraren deuseztapenaz hitz egin beharra dago.

Bistan dagoenez, egunero zorrak «barkatzen» dira. Gobernuek hainbat bankuri opariak (diru-laguntzak) luzatu dizkiete beraiek egindako zabor-kredituak zuritzeko. (Opari hori ez diete egin langileei, ezta kapital industrialari edo eta, hipotekak direla-eta, zorpean dagoen hiritar gehiengoari ere).

Azken hamarkadan zor globala esponentzialki hazi denean, rentier klasea piramide ekonomikoaren erpinean kontzentratu da, klase horrek aberastasunaren zatia (errenta, interes, dibidendu eta kapital irabaziak) handitu du, oligarkia berri bat osatuz. Baina gaur egungo finantza-demasiak, zerga osoak, desarauturiko gizarte batera edo zor-peoitzara eraman gaitzake. Zor zama hain handia da ezen beraren kargaz ekonomia bera gainbehera egiten ari baita. Hortaz, modu batean zein bestean zenbait zor deuseztatuko dira. Kontua da ea deuseztapen hori finantza-sektorearen eta gainontzeko ekonomiaren artean dagoen finantza-polarizazioaren jarraipena izango den ala deuseztapen horrek rentier-ekin bukatuko duen.

Ekonomialari klasikoek nahi zuten rentier klasea alboratzea, gobernua rentier publikoa izan zedin. Egun, hori lortzea arazo ekonomikoa baino, kontu politikoa da.

Nola kudeatu dezake herrialde batek finantza-arlo garbi bat, gaur egungo aurreztaileen nahiak eta helburuak kontuan izanda? Zorrik gabeko ekonomia bat aurrezkirik gabeko ekonomia da, talde baten zorra beste talde baten aurrezkia baita. Rentier klasetik ekonomia askatzea errazagoa da ekonomian nola funtzionatuko duen ikustea arazo politikoa ebaztea baino.

Zor batzuk desegiteak aurrezki batzuk deuseztatzea esan nahi du. Hori ez da batere erraza izango (kasu, AEBetan populazioaren %1ek errentaren %70 eskuratzen du eta rentier horiek ez dira prest egongo beraien «aurrezkiak» deuseztatzeko). Hortaz, zoritxarrez, oraindik badirudi ekonomia fikzioan murgilduko dela, kontabilitatean fikzioari eutsiz.

Hona hemen, dena den, fikzio horrekin bukatzeko zenbait irizpide argi: (1) zorraren deuseztapena koordinatu behar da jabego publikoarekin, finantza-politika eta politika fiskala sinbiotikoak baitira; (2) bankugintza lerro produktiboetara zuzendu behar da; (3) helburu nagusia ekonomia bera «des-finantzialtzea» da, zor-desegiteak «ekitate negatiboa» baztertuko bailuke.

Zorraren arazoa konpontzeko, zerga sistema berregituratu behar da, aktibo-prezioko inflazioarekin lotuta dagoen bazka librea zergapetzeko. Hortaz, etorkizun hurbilean arazo fiskala arazo politiko nagusi bihurtuko da.

Gai izango ote gara politikoki zuzen aritzeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo