GARA > Idatzia > Kirolak > Bilbao Basket

Eurocup txapelketa

Azken uneko ezusteko gehiago saihesteko aukera

Vilniusen huts egin eta gero, Turinerako bidaian okerrik egon ez dadin, garaipena beharrezkoa dute Vidorretarenek gaur Spirou Basket liderraren etxean

p044_f01_111x111.jpg

SPIROU-IURBENTIA BB

GARA | BILBO

Gauzak azkenerako uzteak ez dio inolako mesederik egin Bilbao Basketi azkenaldian eta, Turinerako bidean jokatutako azken bi partidetan gertatu zaiona errepika ez dadin -azken segundoetan Lietuvos Rytas eta Granadaren aurka galtzetik datoz- hobe lukete Vidorretarenek gaur arratsaldean Charlerioen duten aukera alferrik galtzen ez uztea.

Bere taldeko lehenengo postua gehiegi zaildu aurretik, Bilbao Basketek beharrezkoa du La Casillatik urrun partidaren bat irabaztea eta, etxeko partidetara estuegi ez iristeko borroka horretan, Spirou liderraren etxean irabaztea ia-ia nahitaezkoa bihurtu da bilbotarrentzat.

Halako lehiaketa laburretan akatsak egiteko marjina oso txikia izaten denez, gaurko aurkaria bi partidetako desabantailara uztea arriskutsuegia suertatu daiteke, belgikarrek oraindik ez baitute partidarik galdu.

Europako jantziarekin

ACB ligan Granadaren aurkakoan galtzeak play-off-a jokatuko duten zortzi lehenen artean sartzea ikaragarri zaildu dion arren, Eurocupen gauzak askoz hobeto egiten ari dira bizkaitarrak -partida bakarra galdu dute eta oso desabantaila txikiaz gainera- eta etxeko lehiaketatik at erakutsi duten jokoa egin nahi dute gaur bizkaitarrek, gauzak batere erraz jarriko ez dizkion taldearen aurka.

Orain gutxira arte ACBn arerio izan dituztelako, bi dira Spirou taldean arreta gehien pizten duten jokalariak; Real Madrilen aritutako Justin Hamilton antolatzaile-eskolta estatubatuarra eta Ricoh Manresan aritutako Matt Walsh hegalekoa.

Europa erdialdeko talde askorekin gertatzen den bezala, jokalari estatubatuar ugarik osatzen du Spirou taldea, guztira zazpi, eta honek bereziki arriskutsu egiten du gaurko partida, izan ere, eskuineko hankarekin jaiki eta jaurtiketak sartzen hasten badira, edonori min handia egiteko moduko jokalariak izaten baitira. Jerry Johnson antolatzailea eta Len Matela eta Andre Riddick pibotak gertutik jarraitu beharreko jokalariak izango dira horrenbestez.

Drazen Anzulovic kroaziarrak zuzentzen duen taldean beste bi kroaziar eta lau belgikarrek jokatzen dute.

 
 
akats marjina

Spirou Basketek jokatutako bi partidak irabazi ditu eta, bilbotarrek galduz gero, lehen postua oso zail jarriko litzateke.

ACB ohiak

Real Madrilen aritutako Justin Hamilton eta Manresan jokatu zuen Matt Walsh dira taldeko zazpi estatubatuarretan arriskutsuenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo