GARA > Idatzia > > Kultura

Segurtasuna bermatu eta edukiera bikoizteko bidean jarri da Kafe Antzokia

Hilabeteko itxiera zigorra bete ostean, Kafe Antzokiak «prekarioan eta lankideen ahalegin eta eskuzabaltasunari esker» ireki zituen atzo ateak, bertako arduradunen esanetan. Egun legeak ezartzen dien 420 laguneko edukiera zorrotz betetzeko erabaki irmoa duten arren, aurki edukiera hori bikoizteko nahikoa izan daitezkeen lanak abiaraziko dituzte, egungo mugetan ezingo luketelako orain arteko kultur eskaintza mantendu.

p048_f01_199x116.jpg

Anartz BILBAO| BILBO

Hilabeteko itxieraren ostean eta aretoa berrirekitzearekin batera, prentsaurrekoa eman zuten atzo Kafe Antzokiko arduradunek, jasotako aferaren gaineko balantzea egin eta etorkizun hurbilerako dituzten aurreikuspenen berri emateko asmoz.

Isabel Isazelaia eta Xabier Monasteriok egin zituzten bozeramaile lanak, eta euskaraz zein gaztelaniaz eman zituzten azalpenak, segurtasun kontuekin hasita. Atal honetan, «segurtasuna bermatzeko ahaleginekin» bat egiten zutela argi utzi nahi izan zuten; «Kafe Antzokia prest egon da beti eta prest dago oraindik kulturgunera etortzen diren herritarren segurtasuna handitzeko», eta horretarako «zigor hutsetan oinarritutako politika baino, hobe da elkarrizketan oinarritutakoa erabiltzea», azpimarratu zuten, are gehiago Kafe Antzokian «aldez aurretik jakinarazpenik eta zigorrik izan ez denean».

Edukieraren afera ahotan hartuta honela mintzatu ziren: «420 lagunekoa ez da gure aretoaren egiazko aforoa; teknikariek Babes Zibileko arduradunen oniritziaz prestatutako txosten teknikoek argi frogatzen dute aretoari 870 lagunentzako edukiera dagokiola, guztien segurtasuna erabat bermatua dagoelarik». Edukiera hori lortzeko, «aski da larrialdietarako irteeren aldean lan batzuk egitea eta dagoeneko eskatuak ditugu lanak hasteko baimenak, segurtasun handiagoa lortu eta aforoa eguneratzearren». Beraz, baimenak jaso bezain laster, irteeren hobekuntza lanei ekiteko prest dira.

Bestalde, «herritarrek atseden hartzeko eta dibertitzeko dituzten eskubideak begirunez eta modu orekatuan bermatzeko» beharra agertu zuten, eta prest agertu ziren bide horretan erakundeei laguntza emateko.

Itxiera «kolpe latza izan da moralaren eta irudiaren aldetik», arduradunek aitortu zutenez. Gau giroko dantzalekuaz gain, «beste zerbitzu guztiak bertan behera utzi beharra izan dugu, eta ostalaritza arloko arau batek erabilera anitzeko kulturgune oso bati eragin dio». Ekonomikoki ere, «diru galerak ehun mila eurotik gorakoak» izan dira, «ohiko gastuak ez direlako nolanahikoak».

Itxieraren ondorioak

Beraz, aurrerantzean 420 lagunen edukierarekin lan egin beharrak, «gure jarduna zenbateraino mugatzen duen ikustea da okerrena», nazioarteko maila duen egitasmoa «parametro urri horiekin ezinezkoa baita egungo eskaintzari eustea», ez eta «ekonomikoki Kafe Antzokiaren mendekoak diren ekimenei bidea ematea ere».

Bukatzeko, «prekarioan zabaldu dugu Antzokia» aitortu zuten, eta «lankideen ahaleginari eta eskuzabaltasunari esker».

ESKAINTZARI EUTSI

Kafe Antzokiko arduradunen esanetan, larrialdietako ateetan egokitze lan batzuk egin eta edukiera 420 lagunetik 870 lagunera handitzea dute helburu, orain arte izandako kultur eskaintza eutsi nahi bada.

Datozenak

Gaur: 20.00etan Xabier Lete. Gonbidapenez.

Bihar: 21.00etan Giant Sand eta Chuck Prophet. 18/20 euro.

Etzi: 21.30ean The Muffs. 12/15 euro.

«Zaindu maite duzun hori» elkartasun uholdea

Atzoko agerraldian, balorazioa egin eta etorkizun hurbila aztertzeaz gain, Kafe Antzokiko arduradunek azken hilabetean jasotako «elkartasun uholdeari esker ona agertu nahi» izan zioten. Itxiera gertatu zenetik, zortzi mila herritarretik gora izan dira elkartearen www.kafeantzokia.com web orrian elkartasun atxikimendua sinatu eta beraien babesa agertu dietenak. Horiei guztiei bostehun kulturgiletik gora gehitu zaizkie (musikari, antzezle, idazle, bertsolari, kultur sustatzaile eta beste), Euskal Herrikoak zein atzerrikoak.

Bestalde, ekonomikoki Kafe Antzokiaren etekinen sostengua ezinbesteko duen Bilbo Hiria irratiko berrogei kolaboratzaile inguruk (unibertsitateko irakasle, kazetari, artista, kritikari...) «Bilbo Hiria Irratia, beharrezkoa den ahotsa» agiria plazaratu dute, «Bilbon euskara hutsezko irrati bakarretakoa izateaz gain, pluraltasun eta irekitasun handiko komunikabidea eta herri ekimenetik sortutakoa delako eta, egun, ederki dakigulako guk gure mezuek askotan ez dutela biderik topatzen inguruko komunikabide handi eta konbentzionaletan». A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo