Beatriz Fernandez Fernandez Algorta
«Barriola, San Adriango azeria» eta zinema aretoaren biluztasuna
Igande arratsaldea da. Bilboko «Multi»etara joan naiz hiru mutil koskorrekin Berasategi handiaren «Barriola, San Adriango azeria» ikustera. Goiz samar heldu gara, sarrerak denboraz erosi ahal izateko. Ilaran nagoela konturatu naiz: Entradas agotadas (sarrerak agorturik) dio Barriolaren filmaren kartel azpian. «Katxiporreta» baino zerbait zakarragoa atera zait ahotik -umeek ez dute entzun. Itxaron dut baina, eta txarteldegiko txanda iritsi arte aurrera egin dut hala ote zen ziurtatzearren, eta bai, hala zen zoritxarrez. «Sarrera asko banatu dituzte dagoeneko», esan dit txarteldegiko andreak. «Zeinen artean?», pentsatu dut nik.
Bertan geundela gure beste bi lagun heldu dira hiru umerekin. Zerbait egin beharra zegoen, eta Bilbondora, Basaurira joatea erabaki dugu -Bizkaian bi zinema-areto hauetan baino ez zegoen filma. Hara abiatu aurretik, telefonoz deitu dugu sarrerak oraingoan aldez aurretik erosteko. «Hamahiru gelditzen zaizkigu», esan dit telefonoaren bestaldekoak. «Bederatzi baino ez ditugu behar», erantzun diot nik. Eta hara joan gara guztiok, gero eta koadrila handiagoan.
Ilaran zintzo izan ditugu umeak berriro, aretoa jendez lepo beteko zela pentsatuz, eta hara non deskubritu dugun ezetz, argiak amatatu eta gehienez ere areto erdia baino ez zegoen beterik, sarrera guztiak -ken lau, telefonoaren ahotsak ordubete lehenago esandakoak kontuan hartuz- agorturik egon arren. Eta Bilbon? Bilbon ere egongo al zen aretoa erdi hutsik? Lepoa egingo nuke baietz eta lepoa galdu ez.
Zeinen artean banatu ziren sarrerak, beraz? Edo bestela, zeinek jaso zituen sarrera kutun horiek, erabiltzeko asmorik ez bazuen? Euskal zinemak ez du halakorik merezi. Euskal zinemak gureak bezalako txikiak merezi ditu. Bilboraino euripean joan eta aretoz areto ibiltzeko prest daudenak Barriola ikustearren.
Berasategiri agintzen diogu Algortako Portu Zaharreko haurrak, behintzat, bere irudien ederraz gozatzera joango direla hurrengo batean ere, sarrera ordaindu eta ilaran txintxo samar itxaron behar izan arren.