Kudeaketa ona, etorkizunean ere indar erabakiorra izango diren bermea dela esan du EAk
Gari MUJIKA | DONOSTIA
Lakuako Gobernuan Eusko Alkartasunak zuzentzen dituen hiru departamentuetan -Justizia, Hezkuntza eta Ingurumen sailak, hain zuzen- alderdiak landu duen kudeaketa «ona eta gardena» mahaigaineratuta, etorkizunean ere, Gasteizko Legebiltzarrean, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko herri- tarren arazoei erantzuteko, «indar erabakiorra» izango dela nabarmendu zuten, atzo, Donostiako Kursaalen egindako ekitaldian. Unai Ziarreta alderdiko agintari nagusiak, horrela, EAren benetako indarra bere esku dituen sailez haraindikoa dela nabarmendu nahi izan zuen.
Lakuako Justizia sailburu Joseba Azkarraga, Hezkuntzako Tontxu Campos eta Ingurumen Saileko Esther La- rrañaga alboan zituela, eta EAko hautagaiez zein arduradun publikoez inguraturik, Unai Ziarretak, alderdi abertzaleko presidente eta lehendakarigaiak, alderdia etorkizunean ere «indar erabakigarria» izango den uste osoa duela adierazi zuen.
Horren berme gisa azaldu zuen, hain zuzen, «Eusko Alkartasuna ezaugarritzen duen kudeaketa ona eta gardena».
Hala, joan den legegintzaldian EAko Lakuako hiru kontseilariak buru zituzten sailen emaitzak azaldu zituzten banan-banan; «honek erakusten du, gauzak ongi egiteko ez dela beharrezkoa hogeita hamar legebiltzarkide eta bederatzi departamendu edukitzea», gaineratu zuen Mungiako politikariak.
«Guk ez dugu kea saltzen»
EAren esku egon diren hiru sailak, gainera, Gernikako estatutuan jasota egon arren, oraindik ere Lakuako Gobernuaren esku ez dauden hamarka eskumen horietakoak direla ekarri zuten gogora. Hala, «autogobernu» handiagoa izanez gero, «ongizate» maila are handiagoa izango litzatekeela ondorioztatu, eta burujabetzaren bidean aurrerapausoak ematen jarraituko dutela nabarmendu zuten.
«Guk ez dugu kea, promesa hutsak saltzen, bete ditzakegun konpromisoak baizik», adierazi zuen Joseba Azkarragak, joan den legegintzaldian egindako lanen berri ematean. Hala, gogora ekarri zuen gerra zikinak eta indar polizialen esku hildako euskal herritarrak ere gogoan hartuko dituen ekimena landu dutela berak gidatzen duen departamenduan, nahiz eta hori defendatzeagatik «distantziakidetasuna baliatuta» aritu direla dioten kritikak jaso di- tuzten.
Unai Ziarreta hautagaiaren hitzetan, «kudeaketa ona egiteko ez dira 30 legebiltzarkide behar ez eta bederatzi sail izan ere. Gu gara horren erakusle».