Ibaiak beren ibilgura itzuli dira, uholdeen ondorioak azalean utziz
Ibaien ur maila asko jaitsi zen atzo eta pixkanaka uholdeek kaltetutako inguruek normaltasuna berreskuratu dute. Baionan, ordea, ezuste galanta izan zuten atzo goizaldean erdigunea eta Santa Izpiritu auzoa elkartzen dituen Mayou zubiaren zati bat Errobi ibaira erori baitzen. Hori dela eta, hiriburuko zirkulazioa bideratu behar izan zuten. Nafarroan Ebro ibaiaren emarian jarria zuten arreta, baina ez zuen kalterik eragin.
GARA |
Garbitu gabeko txokoak atontzeko, kalteak aztertzeko eta aseguru etxeei aurkeztu beharreko eskakizunak prestatzeko eguna izan zen atzokoa askorentzat, ostegunean erreka eta ibaietako urak hainbat gunetan gainezka egin ostean.
Lapurdiko hiriburuko bizilagunek, ordea, beste ezusteko bat izan zuten. Hiriburuko erdigunea eta Santa Izpiritu auzoa elkartzen dituen Mayou zubiak kalte handiak izan zituen. Bi errekek bat egiten dute gune horretan eta uraren indarrak eragindako dardarek, gutxika zubiaren barnealdea erortzea ekarri zuten. Ibilgailuentzako bidean zulo ikusgarria egin zuen eta, konponketari berehala ekin zioten arren, soilik bidearen alde bat egon zen zabalik. Goizerako Errobi eta Aturri erreken maila asko jaitsi zen.
Baina hiriburuan ez ezik, euri jasek eragina izan zuten Uztaritzen, Larresoron, Kanbon eta Basurrasin ere. Nafarroa Beherean, Baigorri eta Ortzaize izan ziren gunerik kaltetuenak Urepelekin batera. www.kazeta.info web gunean bildu zutenez, herri horretan zenbaitek mehatxu gisa hartu zuten atzoko eguzkia, mendietan elur ugari baitago eta hura denbora gutxian urtuz gero, berriz ere erreka eta ibaiek gainezka egiteko arriskua dago. Dirudienez, ordea, euririk ez du egingo behintzat asteburuan.
Garbiketa egiteko eta kalteak aztertzeko eguna izan zen halaber Iruñerriko eta Nafarroa iparraldeko hainbat tokitan. Arga eta Bidasoa ibaien mailak behera egin zuen baina, hala ere, atzo oraindik bigarren mailako zazpi errepidetan arazoak zituzten, esaterako, Belaguako portuan, edota Tafalla eta Miranda Arga arteko errepidean.
Nafarroako Gobernuko ordezkariek aditzera eman zutenez, «ez da aparteko kalterik izan azpiegitura publiko, hidrauliko eta errepideetan», baina lur-jausiek NA-121-A errepideko lanetan ondorioak izan dituztela onartu zuten.
Erreklamazio ugari
Arreta nagusia Ebro ibaian jarria zegoen atzo, batez ere, Castejon parean, baina arazorik gabe igaro zen eguna.
Garbitzeko ez ezik, atzokoa askorentzat erreklamazioak egiteko eguna ere izan zen. Iruñeko Errotxapea auzoan handiak izan ziren uholdeen ondorioak. Udaltzainek 72 erreklamazio jaso zituzten eta 64 dendak gutxienez kalteak izan dituzte.
Urumea ibaiaren maila ere asko apaldu zen eta Donostiako Loiola eta Martutene auzoetan eta Astigarragako Ergobia auzoan normaltasunera itzuli ziren, oraindik ere ostegun goizaldean jaso zuten ezusteko txarra ahaztu barik. Donostiako Eskalantegi kalean gertatu luiziagatik etxetik aterarazi zituzten bederatzi lagunak ere atzo itzuli ziren etxera. Goierrin lur-jausi batek kaltetu zuen hodiak eman zizkien arazorik handienak. Beasainen izandako luizi batek, Arriarango urtegitik datorren hoditeria kaltetu zuen eta hainbat herri ur hornidurarik gabe gelditu ziren. Lareoko urtegitik bideratu dute ura hainbat herritara. Atzo oraindik zenbait herri urik gabe zeuden, Segura eta Idiazabal kasu.
Ostegun ilunabarrean Donostiako Eskalantegi auzoan gertatutako luizi baten ondorioz etxetik aterarazi zituzten bizilagunak atzo itzuli ziren etxera, gaua hotel batean igaro ostean.
Mendietan oraindik ere elur asko da, eta atzo egin zuen egun eguzkitsua makina bat tokitan gustura hartu bazuten ere, mendi inguruetan, Urepelen kasu, mehatxu gisa hartu zuten.