Xabi San Sebastianek bere barne mundua azaleratu du, «Ospela» bakarkako bere bigarren diskoan
Barne-barneko sentimenduak azaleratu ditu Xabi San Sebastianek «Ospela» (Elkar) diskoan. Hamahiru kantu biltzen dituen bigarren bakarkako lan honetan, pop estilora jo du, folka eta rocka alboratu gabe.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Leku hotza, hezea eta iluna da `ospela'. Baina bertan dagoen bizitzaren aberastasuna izugarria da», adierazi zuen Xabi San Sebastianek. Halakoxea da bere bigarren diskoa ere. Kantu ilunak eta bere sentimenduak islatzen dituztenak bildu ditu donostiar honek. Bere bakardadean sortuak, bere hitzetan, «gero taldeak nik sortutako erro horri adarrak eta hostoak erantsi dizkion arren». Izenari dagokionez, artistak azaldu zuen gaua eta iluntasuna sarri errepikatzen direla abestien hitzetan, eta horregatik aukeratu zuela; «alderdi intimo horretatik eguterara eramaten ditut orain».
Duela bost urte aurkeztu zuen «Orai» izeneko bere lehenengo lana, folk kutsuz beteriko disko «estilistikoa». Oraingo honetan, «erdialderago» jo du, pop aldera. Izan ere, sentitzen duena adierazteko askatasun handiagoa duela uste baitu: «Erdialde horretan kokatuta, jazzetik hartu dezaket, rocketik, blues-etik, folk-etik...». Hala ere, adierazi zuen aldaketa hau ez dela aurretik hartutako erabaki bat izan: «Hau guztia ondoren egin dudan hausnarketa izan da. Kantuak egiteko orduan, pentsatu dudan bakarra nire sentimenduak nola adierazi izan da».
«Ospela» 2008ko abenduan grabatu eta nahastu zuten Elkar estudioetan. San Sebastianek lau musikari izan zituen alboan: Igor Telletxea (bateria), Matthieu Haramboure (baxua), Satxa Soriazu (sintetizadorea) eta Ruben Caballero (gitarra elektrikoa). Gainera, beste hiru lagunen kolaborazioa ere izan du: Joserra Senperenak Hammond organua jo du, Luis Mari Moreno Pirata-k haizeak gehitu ditu eta Juanjo Otxandorenak, berriz, buzukia..
Plazetan eskarmentua hartua
Hiru urte inguru behar izan ditu Xabi San Sebastianek diskoa osatzen duten hamahiru kantuei forma emateko. Bere esa-netan, «gogorra izaten da zerbait egin nahi eta oraindik aurretik bide luzea ikustea», baina oso gustura gelditu da emaitzarekin.
Bakarkako bigarren diskoa badu ere, Xabi San Sebastian ez da hasiberria musikan. Ikasketak Donostian hasi eta urte gutxiren buruan Madrilera joan zen. Bertan jazz ikasketak burutu zituen Musikarien Tailerrean. Euskal Herrira itzuli eta zazpi urtez plazarik plaza aritu zen Izotz taldeko kantari eta gitarra-jotzaile. Horren ondotik, Alboka taldean abeslari aritu zen beste lau urtez, eta bi disko ere argitaratu zituen talde honekin. Bere aurreneko bakarkako lana 2004. urtean plazaratu zuen. «Orai» izeneko diskoak euskal kantu tradizionalaren ikuspegi garaikidea eta bizigarria bildu zuen.
Duela hiru urte, Euskal Telebistan ikusteko aukera ere izan genuen. «EKO» saioko irabazle izendatu zuten Xabier Leteren «Xalbadorren heriotzean» abestiaren bertsioa kantatzeagatik.
Diskoak formatu elektrikoa badu ere, San Sebastianek bi motatako zuzenekoak eskaintzeko asmoa du. Alde batetik, diskoan bidelagun izan dituen musikariekin batera. Kontzertu hauetan, aurreko diskoko kantuak ere joko dituzte, «bitxia da izatez folk kutsua duten kantuak formatu elektrikoan entzutea». Bestalde, akustikoan ere arituko da. Kasu honetan, bera eta bere gitarraz gain, Ana Remiro dantzaria izango da taula gainean. «Zerbait berezia egin nahi nuen. Oso momentu biziak sortzen dira Anaren presentzia hutsarekin». Hilaren 27an Bilboko Elkar aretoan arituko da eta 28an Donostiakoan.