GARA > Idatzia > > Kultura

«Bernarda Alba bendita» Victoria Eugenian, Metros taldearen eskutik

GARA | DONOSTIA

Metros konpainiak «Bernarda Alba bendita» ikuskizuna eskaini zuen atzo, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Gaur egingo du bigarren eta azken saioa, arratsaldeko zortzietan. Ramon Oller eszenografo kataluniarrak ukitu berezia eman dio Federico Garcia Lorca poeta andaluziarraren «La casa de Bernarda Alba» obrari eta dantza poetikoa erakusten duen ikuskizun berri bat sortu du.

Hamabost dantzari ikusiko ditugu taula gainean. Denen artean zazpi emakumek jasaten duten zapalkuntza transmitituko digute. Diktaduraren agintepean giltzapeturik, guztien obsesio bilakatuko den erotismoa izango da euren askatasun nahiaren sinboloa.

Gizonezko berarekin maiteminduta daude denak, baina bakar batek lortuko du haren maitasuna. Horretarako, aginteari eta gizartearen errepresio moralari aurre egin beharko dio.

Ramon Ollerren ikuskizunak dantza garaikidea eta flamenkoa uztartzen ditu, Adelaren (Sandrine Rouet) eta bere ahizpen desioak modu aske eta indartsuan adierazteko. Aurrean izango duten ama (Maria Carmen Garcia) zapaltzaileari gogor egingo diote aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo