GARA > Idatzia > > Kultura

Iparragirre Sariek 2008ko bertsopaper, narratiba eta poesia lan onenak saritu dituzte

Zumarraga eta Urretxuko udalek antolatutako Iparragirre Sariak banatu ziren atzo. Guztira, aurkeztutako 175 lanetatik, zazpi partaide izan dira diru sariaz gain, euren lana liburu batean argitaratuta ikusi dutenak.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Lehen aldiz, bertsopaperen atala izan du aurtengo Iparragirre Sarien edizioak eta bi mailatan banatuta, hiru sari eman ditu. Hamasei urte bitarteko gazteen artean, Amaia Iturriotz Etxaniz urretxuarra eta Ane Labaka Mayoz lasartearra izan dira sarituak. Lehenengoak hamarreko txikia aukeratu du, bigarrengoak, berriz, habanera doinuan kantatzeko sei bertso osatu ditu. Helduenen mailan, Iñigo Legorburu errenteriarra izan da garaile, «Aitaren izenean» bertso sortarekin. Bederatziko txikian osatu ditu hamar bertso, aitatasunak harrapatu duen gizon baten paperean.

Euskarazko lanei dagokienez, zortzi izan dira narratiba sailean aurkeztutako lanak. Guztietan onena Tolosako Arantza Otegiren «Ur mendaren urmaela» izan da epaimahaiaren iritziz. Otegik bere etxeko emakumeei omenaldia egin nahi izan die lan honekin. «Aurreko belaunaldietako emakumeen konplizitateak, ametsak... izan dira askatasunerako bidea. Nire amona eta bere ahizpek kontatutako istorioetan oinarritu naiz hau idazteko eta bereziki beraiei eskaini nahi diet», adierazi zuen.

Poesian ere, zortzi izan ziren aurkeztutako lanak. Atal honetan, David Tijero Osoriorentzat izan zen Iparragirre Saria. Ingeniaritza Elektronikoa eta Fisika ikasketak dituen bilbotarrak aipamen mordoxka eskuratu du azken urteetan. Sari hau bera beste behin ere eskuratu zuen, 2004an hain zuzen ere.

Gaztelaniaz lan gehiago

Gaztelaniaz aurkeztutako lanen kopurua askoz ere handiagoa izan zen. Narratiban 104 izan ziren eta poesian, berriz, 45. Lehenengoan, Vigoko Noel Perezek eskuratu zuen onenaren saria, «En pijama y medio descalzo» lanarekin.

Poesiarena Antonio Casado da Rocha donostiarrarentzat izan zen. Hain zuzen ere, Gipuzkoako hiriburua islatzen dute bere poemek. Atzo adierazi zuenez, «niretzat ohore bat da Iparragirre Sarian parte hartzea eta gainera irabaztea. Nire poesiak askatasun osoz idatzi ditut, Iparragirrek bezala. Gai eta forma anitzak biltzen dituzte, baina batez ere, gai donostiarrak».

Lan guztiak hiru liburutan argitaratu ditu Bermingham argitaletxeak. Epaimahaiak azpimarratu zuenez, lanen kalitateak gora egin du urtetik urtera. Aurten bertsopaperekin egin duten bezala, datorren urterako beste nobedade bat ere iragarri zuten atzoko aurkezpen ekitaldian. Orain arteko kategoriez gain, abestientzako letren lehiaketa ere abiaraziko dutela jakinarazi zuten.

NOBEDADEAK

Aurtengo edizioan bertsopaperen atala batu dute eta datorren urterako, kantuen letren lehiaketa ere jarriko dute abian.

Fitxa

Bertsopaperak:

16 urte arte: 'EX-AEQUO'.

Amaia Iturriotz: `Iluna eta zu'.

Ane Labaka: `Bihotz barren barrenetik'.

16 urtetik gora: Iñigo Legorburu: `Aitaren izenean'.

Narratiba:

Euskaraz: Arantza Otegi: `Ur mendaren urmaela'.

Erdaraz: Jose Luis Fernandez: `En pijama y medio descalzo'.

Poesia:

Euskaraz: David Tijero: `Gaixo terminalen leihotik'.

Erdaraz: Antonio Casado: `Quién me mandaría a mí'.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo