Koxkako langileak, bizirauteko borrokan
Koxkako 18 langilek hirugarren eguna dute gaur San Lorentzo elizan itxita, enpresaren enplegu erregulazioa inondik inora onartzen ez dutela-eta. Haietako sei gose greban dira. Horrelako borroka bideari ekin behar izateak enpresak bere asmoa betez gero, aurre egin beharko dioten egoeraren gogorra erakusten du. Dagoeneko milaka langilek aurre egin behar dioten egoera larria. Enpresak dituen 750 langileetatik 540k Nafarroan egiten dute lan, Iruñeko eta Azkoiengo lantegietan hain zuzen, eta horietatik 230 kaleratzeko asmoa du enpresak. Lan Ministerio espainolak astelehenean erabakiko du enplegu erregulazioa onartzen duen ala ez, baina erabaki horretan garrantzi handia izango du Nafarroako Gobernuaren txostenak. Koxkako langileek, beraz, bi erakunde horiei espedientea atzera botatzeko eskatzen diete protestaren bidez. Herritarren elkartasuna ere badute; ikusteko dago, ordea, erakundeek sentsibilitate bera duten.
Enplegu erregulazioak eguneroko kontua dira eta langabeziak bere zerrendetara bildutako langile kopurua egunetik egunera handitzen ari da. Enpresei lagundu egin behar omen zaie, baina laguntza horiek gorabehera lanik gabe geratzen diren langileek ez dute erakunde publikoen laguntzarik. Bizirauteko laguntzaren premiarik gorriena dutenak ez daude krisiari aurre egiteko inongo planetan.