GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

«Terrorismoaren aurkako gerra» alboratzeaz gain, sortutako terrorea ikertu behar du Obamak

Barack Obama bere agintaldian egiteko prest dagoenari eta ez dagoenari buruz asko hitz egin da. Azkenaldian, ordea, Bush Administrazioak egin zuenaren inguruan egiteko prest dagoena eztabaidagai dago. Alegia, «terrorismoaren aurkako gerra» deitutako estrategia politiko eta militarrean egindako gehiegikerien ikerketa lagunduko duen edo oztopatuko duen ikusteko dago. Oraingoz, iragana atzean uztearen alde dagoela esan du, aurrera begira jartzea lehentasun gisa azalduz. Honekin frogak azaldu arren errudunak ez zigortzea hobesten duela esan nahi du.

Baina frogak azaltzen ari dira. Hainbat txosten agerian uzten ari dira Bushen estrategiaren oinarrian giza eskubideen zanpaketa zegoela. Estrategia honen arduradun politikoak nahiz militarrak gehiegikeriak ez ezik, basakeriak ere egin dituzte: torturak, bahiketak, heriotzak... AEBetako herritarrak sumindurik azaldu dira berri hauen aurrean. Badago sumindura honetan hipokrisia puntu bat, orain dela oso gutxi arte jokabide hau babestu dutelako. Nolanahi ere, ikerketek eta auzibideek ematen dutena ukatzea edo oztopatzea aurrekari latza litzateke hasi besterik egin ez den Obamaren agintaldirako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo