GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jon Artetxe AHT Gelditu! Elkarlaneko kidea

Think gaur, galdetu tomorrow

«Think Gaur Euskadi 2020» delakoan EAJren helburua herritarrek zuzenean parte hartzea eta herritarrak kontsultatzeko prozesuak abian jartzea bada, sor dakigukeen zalantza zera da, EAJk AHTren ibilbideko zenbait herritan izango diren galdeketak bultzatuko dituen ala EAE osorako galdeketa antolatzeko asmoa duen. Ea lehendakaritzarako hautagaiak argitzen digun

Antolaketa, ekintza politikoa eta mezua euskal gizartearen garai eta behar berrietara egokitzera zuzendutako ekimena izan omen da «Think Gaur Euskadi 2020». Ekintzarako hausnarketa prozesua, Euskadi 2020 urtean merezi duen tokian kokatzeko, diote agintari jeltzaleek, egindakoarekin harro-edo. Prozesuaren emaitzek konpromiso forma hartu dute, EAJ-k euskal gizarte osoarekin hartzen duen kontratu sozial berri baten forma. Euskal gizarte osoaz ari delarik, EAEkoa soilik hartzen du barne, txostenaren irakurketak zein duela gutxi «Berria»ri Urkulluk egindako adierazpenek erakusten duten bezala. Dena dela, noraino iristen da konpromiso hori? Noraino sinetsi behar dugu agintzen zaigunaren atzean hitz hutsalak baino gehiago dagoela?

Milaka eta milaka euskal herritarrek kezka berezia agertu du Abiadura Handiko Tren egitasmoa gauzatuz gero ekarriko dituen ondorioen inguruan. Aurkakotasunaren tamainaren isla baino ez dira egindako manifestazio jendetsuak, iritzi azterketen emaitzak, herri eragileen lana, gehiengo sindikalaren aurkakotasuna eta abar. Horren guztiaren aurrean, EAJ-k «Think Gaur» honetan agertutako zenbait gogoetak itxaropenerako izpiren bat zabal liezagukeen aztertzea merezi duelakoan nago.

Zenbait harrituko diren arren, zera aitortu dute Urkulluren alderdikoek, demokrazia ordezkatzailearen akatsa dela herritarren inplikazioa gero eta txikiagoa izatea esparru politikoan. Horren harira, zeharo interesgarria da hurrengoa irakurtzea Y-aren eremuan agintea dutenen ahotan: «Herritarren parte-hartzea erronka globalei erantzuna emateko bide baten gisara sortzen da, eta gizartearen eskariei behar den bezala erantzuteko herritarrei etengabe kontsulta egitean datza».

Elorrion, Urbinan, Aramaion... ez dute jarrera hori erakutsi jeltzaleek. Orain arte, behintzat, Abiadura Handiko Trenaren gainean antolatu diren herri galdeketa guztietan jokabide lotsagarria izan dute, oztopatu eta gutxiesteaz gain, emaitzei muzin eginez.

Orain, alabaina, nazioarteko erreferentziatzat jotzen du EAJ-k Suitza, hango erreferendumak aipatuz. Esan beharra dago Suitzak ordezkapeneko demokrazia zuzeneko hainbat mekanismorekin uztartu duela aspalditik.

Alpeetako Estatu horretan 1993 eta 2003 bitartean 135 nazio herri-galdeketa egin zituzten eta eskualde edo herri mailako milaka kontsulta. Garraio azpiegitura arlokorik ere izan da bozketagai horien artean. Herri Ekimenei eta Erreferendumei buruzko Europako Institutuko idazkari nagusi Martin Buhlerrek honakoa du adierazia: «Suitzako agintariek badakite gizartearen nahiekin eta beharrizanekin bat datozen proiektuak bideratu behar dituztela, bestela, erreferendum bidez atzera bota ditzaketelako».

Eredutzat jotzen dituen herriak aztertu ostean eta berton egun diren gabezia itzelez gogoeta eginda, oso bestelakoa ageri da orain alderdi zaharraren diskurtso berria: «Herritarren parte-hartzeak berarekin dakar herritarren iritzia ezagutzea eta, gainera, hura kontuan izatea eta haren arabera jokatzea». Beraz, emaitzei jaramon egiteko borondatea ere badute. Pozarren egoteko arrazoiak ditugu, ondorioz. Egia zen Josu Jon Imazen ondorengo Euzkadi Buru Batzarrak agertu zuen ekimen berritzailea prestatzeko nahia. Demokrazia ordezkatzailearen akatsak aireratzen jardutea, aldi berean zuzeneko demokrazia goraipatuz, ez da-eta kontu makala.

Alderdiko 130 kargudunek prestakuntza espezifikoa jasota, adituen 175 ekarpen bildu ondoren, 2.000 lagunek lan taldeetan parte hartu eta gero, «Think Gaur Euskadi 2020»-k EAJren honakoa jartzen du helburu gisa: herritarrek zuzenean parte-hartzea eta herritarrak kontsultatzeko prozesuak abian jartzea, partaidetzan oinarrituriko demokrazia erreala artikulatzeko.

Gauzak honela, sor dakigukeen zalantza zera da, Eusko Alderdi Jeltzaleak AHTren ibilbideko zenbait herritan izango diren galdeketak bultzatuko dituen ala EAE osorako galdeketa antolatzeko asmoa duen. Ea hauteskunde kanpainan lehendakaritzarako hautagaiak argitzen digun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo