GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

Ez da ikusten finalerako faboritorik

Larretxea eta Atutxa II.a, egungo txapeldunak, Azurmendiren eta Arrospideren aurka neurtuko dira datorren igandean Azpeitian.

p045_f01_85562.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Datorren igande eguerdian jokatuko da Azpeitian Urrezko Aizkorako finala. Alde batetik Arrospide eta Azurmendi izango dira, eta bestetik Larretxea eta Atutxa II.a. Azken horiek dira egungo txapeldunak.

Finala estua eta lehiatua iragartzen da. Ez dago faborito garbirik, batzuek gipuzkoarren alde jotzen dute, eta beste batzuek nafarrak eta bizkaitarrak osatutako bikoaren alde.

«Nik uste dut finala estua izango dela. Arrospidek eta Azurmendik biko handia osatzen dute, eskarmentu handia dute biek. Agian beraiek izango dira faborito. Hala ere, guk geure lana egiten baldin badugu, lan asko egin beharko dute guri irabazteko», ohartarazi du Donato Larretxeak. Iñaki Azurmendi ere itxaropentsu dago: «Uste dut lehiaketa ona egin dugula. Agian saiorik txarrena Nazabalen eta Mugertzaren aurka egin genuen. Azkar amaitu nahi genituen lanak, eta epaietan ez genuen behar bezala asmatu, eta hura ere irabazi egin genuen. Itxaropentsu gaude», azaldu du Gipuzkoako txapeldunak.

Bietako inork ez du uste finala azkeneko txanda libreko saio luzera arte erabakiko denik: «Zaila izango da, alde handirik ez da izango, eta amaierako lan horretan erabakiko delakoan nago», adierazi du Larretxeak.

Azurmendi ere bat dator horrekin, baina bukaerako lanera aldetxoarekin heltzea nahiago du: «Garbi dago aurreko lanetan zaila dela aldeak lortzea, baina hobe da azkeneko lanerako hamar segundo aurretik izatea, atzetik izatea baino. Hori bai, hamar segundo horiek lortzeko erabat jota heltzen bazara azken lanera, ez dago zer eginik. Indarrak neurtu ere egin beharko dira», esan du Arriarangoak.

Bi aizkolari hauek gustura daude beren bikotearekin: «Atutxa aizkolari gaztea da, indar askokoa. Iaz txapela irabazi genuen, eta aurten ere finalean sartu gara. Gustura nago, etorkizun handiko aizkolaria da. Bada aurten laugarren aldia aizkolari gazte batekin jartzen nautela, baina beti gauzak ongi joan zaizkit. Xabier Mindegiarekin bi final jokatu nituen, eta Aitzolekin ere bigarrena dut. Beti da pozgarria halako gazteekin aritzea».

Iñaki ere oso gustura ari da Arrospideren alboan: «Aizkoran hasi nintzenean berarekin hasi nintzen. Bera eta Ugarteburu izan dira nire maisuak, eta orain berarekin final bat jokatzeak ilusio handia ematen dit. Ongi ezagutzen dugu elkar, eta ederki moldatzen gara», esan du Iñaki Azurmendik.

Aizkolariek finaleko lanak gustukoak dituzte. «Lan hauetara ongi moldatzen naiz. Hala ere, oso gogorra izaten da. Askok uste dute lan motzak direlako arina dela, baina ez da horrela izaten. Abiadura handian aritu behar da lanean, eta gero beti hasi eta utzi; baina gustura ari naiz», azaldu du Donatok.

«Nik nahiago dut, hasi eta bukatu, lan bera egitea, baina ongi moldatu naiz aurten. Agian zutikakoetan aritzen naiz trakets samar, baina hor maisu bat dut alboan, eta gustura aritu naiz», esan du Azumendik.

Biek dute ilusio handia finalerako: «Adin honekin finalera heltzea bera da ikaragarria, eta are gehiago alboan 20 urteko gazte bat baldin baduzu. Ilusio handia egiten du txapelen lehian ibiltzeak», dio Larretxeak

«Txapelketak beti dira politak, baina niri ilusiorik handiena Arrospiderekin aritzea da. Berarekin irabaziko banu, ederra izango litzateke. Berarekin hasi nintzen aizkoran, eta batera txapel bat lortzea, bikaina litzateke», esan du Azurmendik.

Bi bikoteak orain arteko onenak izan dira, jokatutako saio guztiak irabazi dituzte, baina igandean bietakoren batek galdu beharko du.

Larretxea

Aizkolari nafarraren ustez finala estua eta orekatua izango da. Txanda libreko azkeneko saio luzera arte ezer erabakitzea zaila ikusten du, bi bikoen artean ez baitu alde handirik ikusten.

Azurmendi

Arriarangoa itxaropentsu heltzen da finalera. Bere maisuetako batekin osatzen du bikoa, eta horrek ilusio handia ematen dio. Ongi ari dira lanean, eta final estua izan arren, txapela jantzi dezaketela uste du.

Aizkolari gazteen maila ikusteko ere parada ederra izango da

Igande eguerdian Azpeitira doazenek, aizkolari gazteen lanaz gozatzeko ere parada ederra izango dute, mailako finala ere bertan jokatuko baitute.

Kañamares III.a eta Erasun Saralegiren eta Olanoren aurka izango dira. Iazko txapeldunak, Larretxea lehengusuak, finalerdietan kanpoan geratu dira, eta iazko finalistek kanporatu dituzte, gainera, Olanok eta Saralegik, alegia.

Final hau ere estua eta polita iragartzen da, eta zaleen ustez Kañamares eta Erasun aterako dira faborito. Hala ere, Leitzarrek ez dute etsiko, iaz gertu izan zuten txapela, eta aurten bigarren aldiz ez dute ezer gabe etxeratu nahiko. Adin horretan, ordea, nerbioek ere zer esana izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo