Lotsak alde batera utzi eta jantzi koloretsuz beteko dira kaleak
Aratuste, «ihote», «karnabal». Ospatzeko modu adina izen ditu ziurrenik neguko jairik ikusgarriena den inauteriak. Ezagunenetakoak beharbada Tolosakoak edo Ituren eta Zubietakoak badira ere, Euskal Herrian beste hamaika hiri eta herri ere mozorroz jantziko dira datozen egunotan.
Janire ARRONDO
Hamaika aldaera baditu ere, funtsean mozorroak soinean hartu eta festa giroan ibiltzea du oinarri inauteriak. Herri askotan jada ospatuak dituzte jai giroan, baina datozen egunotan ere kolore eta algara hotsez beteko dira gure herri eta hirietako kale ugari inauterien karietara. Agian, Tolosakoak izango dira Euskal Herriko inauteri jai entzutetsuenetakoak. Horren oihartzun handikoak ez izan arren, hiriburu eta beste herri askotan ospatuko dira asteburu honetan neguko mozorro jaiak.
Konpartsen aratusteak Bilbon
Bilbon, esaterako, ekitaldiz beteriko aratusteak ospatuko dituzte. Bilboko Konpartsen Federakundeak, «inauteri desfilea antolatzeko zailtasunak izan arren», musikaz, antzezlanez eta dantzaz beteriko egitarau oparoa prestatu du. Bilbotar guztiei dei egin diete «egunerokotasuna alde batera utzi» eta inauteriez goza dezaten. «Guztion artean ikusaraziko dugu, inauteri herrikoiek dagokien lekuan egon behar dutela, alegia Bilboko Kale Nagusian», gaineratu zuten Konpartsetako kideek. «Agian datorren urtean guztion artean esan ahalko dugu: `Yes we can'», esan zuten aurkezpen ekitaldian.
«Zentsurarik gabekoak, ironiaz beterikoak, herrikoiak eta parte hartzaileak», halako aratusteak amesten dituzte Konpartsen Federakundekoek, baina, jai batzordeko partaide izan arren, «We Can´t!» edo «ezinezko egiten zaigu» esaten zuten. Hala ere, Bilboko Konpartsetako kideek aurtengo inauteriak «ahaztezinak» izango direla ziurtatu zuten. Izan ere, larunbateko konpartsen jaitsieran 24 karroza izango dira. Txan magoa, Ane Monna Oskola eta Karramarroren ikuskizunaz ere gozatu ahal izango dute jaian parte hartzen dutenek. Bertan izango dira baita ere, Bad Sound System eta MaCarraDa, Ardoa Barrura eta Ardan Behera fanfarreetako animazioak, batukada taldeak, txistulariak, Tiago Samba eta Sambaskao sanba taldeak, Bilboko erraldoien konpartsa, Gaztedi dantza taldea eta Ibon Koteron eta bere albokariak. Larunbatean iluntzean, inauteri sariak banatuko dituzte, 21.30etatik aurrera.
Aurtengo Bilboko aratusteetako Farolin eta Zarambolas, bestalde, Ercilla hoteleko Tomas Salazar atezaina eta Las Fellini umore taldeko kideak izango dira. Izendapen horiek jasotzeko ez da zertan Bilbon jaioa izan behar, «bilbotarrek nahi duten lekuan jaiotzeko ahalmena baitute». Astearteko Sardinaren Ehorzketa egin arte iraungo dute Bilboko inauteriek.
Pertsonaiaz beteriko jaiak
Iruñeko inauteriak oihartzun handiko jaiak ez izan arren, ekitaldi ugari izaten dituzte hiriko Alde Zaharrean. Mari Trapu izango da, urtero bezala, protagonista. Ostiral gauean bertan, pregoia irakurrita jaiei hasiera emango die. Segidan kalejira egingo dute auzoko kaleetan euskal inauterietako pertsonaiez lagunduta. Gauean, berriz, mozorro dantzaldia egingo dute.
Larunbata eta igandea mozorrotzeko egunak izango dira; batean, erromatar munduarekin zerikusia duen edozertaz; eta bestean, neskak mutilez eta mutilak neskaz. Jaiari amaiera emateko, Mari Trapu erreko dute astelehen iluntzean Nabarreriako iturritik jaitsi ondoren, horrela gaitz guztiak berarekin eraman ditzan.
Ezagunak dira bestalde, Altsasuko ihoteak ere. Normalean, astebete beranduago ospatzen badira ere, aurten asteburu honetan egingo dute jaia. Izan ere, Sardiniako Orosei herriko inauterietako pertsonaiak gonbidatu dituzte. Antolatzaileen asmoa, ihoteak ohiko egunetan ospatzea bazen ere, gonbidatuen agenda kontuagatik ezinezkoa suertatu zen. Euskal Herriko inauterietakoen antzeko pertsonaiak dituzte Sardinian. Animalien larruz estaltzen dira eta burezurrak erabiltzen dituzte maskara gisan. Gainera, 40 kilo inguruko dunbak eramaten dituzte bizkarrean eta beraz, zail izango dute herrian bira luzea ematea.
Ostiralean egingo diete gonbidatuei ongietorria, herriko enparantzan. Larunbatean berriz, sardiniarren jantzi motaren arabera bitan banatuko dute mozorro desfilea. Eguerdiko ordu batean herriko Alde Zaharrean ibiliko dira, eta paella-jatearen ondoren, herriko auzo berrietara joango dira. Igandean berriro irtengo dira kalera Oroseiko gonbidatuak. Arratsaldean aldiz, txikienen txanda izango da.
Urteroko legez, asteartea izango da Altsasuko ihoteetako egun handia. Eguerdiko herri-bazkariaren ondotik, momotxorro txikiak Zumalakarregi plazara irtengo dira. Iluntzean, berriz, 18.45 inguruan, momotxorro helduak odolez zikinduko dira Zelandi pilotalekuan eta ondoren, kalejiran ibiliko dira herriko kaleetan zehar.
Datorren larunbatean berriz, herritarren txanda izango da eta edonolako mozorroz beteko dira herriko kaleak.
Karroza eta konpartsak nonahi
Donostiako inauterietan, bestalde, karroza eta konpartsen etengabeko desfileak izango dira jaietako protagonista. Bihar hasiko dira inauteriak Momo Jainkoaren ongietorriarekin. Aurtengoan, Altzako Montxo Garcia Torradori egokitu zaio zeregin hori.
Garcia Torrado, Altzako S.D. Gurea Konpartsaren arduraduna da eta, hain zuzen ere, aurten konpartsa horrek inauterietan parte hartzen hasi zeneko 30. urteurrena ospatuko du.
Ostiral iluntzean Konstituzio plazan egingo da konpartsen aurkezpena. Ondoren, hiriko hainbat tokitatik elkarteetako konpartsa ugari abiatuko dira. Larunbata eta igandea ere desfilez betetako egunak izango dira Donostian. Hala ere, inauterietako karrozen desfile nagusia larunbat arratsaldean izango da, 17.00etan Boulervardetik abiatuta. Geroxeago berriz, 19.00ak inguruan, Donostiako inauterietako konpartsa tradizionalak irtengo dira kalera.
Donostiako inauteriari astelehenean emango diote amaiera, Sardinaren Ehorzketarekin.
Inauteri jendetsua Gasteizen
Jendetsua izango da, halaber, Gasteizko inauteria, izan ere aurten 20 karroza eta 4.200 parte-hartzaile ibiliko baitira hiriko kaleetan barrena. Horietako hemezortzi taldek parte hartuko dute desfilean, izan ere, Beriba Samba Eskola eta Indarra konpartsa beraien kabuz ibiliko dira hiriko kaleetan giroa alaituz.
Inauteri jaiak bihar hasiko badira ere, larunbat eguerdian egingo dute pregoia. Aurtengoan, Oihulari Klown taldeko Virginia Imaz arduratuko da horretaz. Larunbat arratsaldean izango da inauterietako Kalejira Nagusia, 16.30ean hasita, eta gero, Foruen Plazan sari banaketa egingo dute. Igande iluntzean, 20.00etan, konpartsen desfilea berriz abiatuko da Gasteizko kaleetan. Kasu honetan, «Troula animación» taldeko gaztetxoen «Circo» ikuskizunak irekiko du bidea.
Asteartera arte iraungo du jaiak Arabako hiriburuan eta, inauterietako konpartsei oroigarriak banatu ondoren, Sardinaren Ehorzketarekin emango diote amaiera mozorro jaiei.
Zalduondokoak dira Arabako inauteririk zaharrenetakoak. Asteburu honetan ospatuko dituzten bertan tradizio luzeko jaiak. Inauterietako pertsonaia nagusia Markitos panpina da, eta herriko kaleetan ibiliko da inauterietako beste hainbat pertsonaiez lagunduta. Markitos erretzearekin, Zalduondoko gaitz guztiekin amaitzen omen dute.
Zanpantzar auzian erreta...
Garaiz ibili dira, bestalde, Baionan eta Donibane Garazin, joan den asteburuan ospatu baitzituzten inauteriak. Donibane Garazin, ohitura den moduan, Santi Bate jaia ospatu zuten ostiralean. «Negua bera bezala» kolore ilunez jantzita ibili zen tzirtzil taldea ostatuz ostatu eskean. Datorren igandean aldiz, Libertimendua ospatuko dute, hau da bolanteen eguna. Kalez kale ibili ondoren, tzirtzil jokoak egingo dituzte, Garaztarrak taldeko dantzariek jauziak emango dituzte bolanteen gisan.
Izandako uholdeek ostiraleko egitaraua bertan behera uztea behartu bazuten ere, larunbatean izan zuten inauteriak ospatzeko aukerarik. Gaztetxearen aldekoek deiturik, Pirata Gaua egin zuten Baionako inauteri jaietan.
Aurrera doa Uztaritzeko Hartzaro festibala. Iragan asteburuan hasita, izango da oraindik zer gozatua asteburu honetan ere. Inauterietako tradizioz, arte erakustaldiz, dantzaz eta aparteko animazioz beteko dira Uztaritzeko kaleak datozen egunotan.
Lekuinen, bestalde, hainbat ekitaldi izango dira. Larunbatean goizean goiz hasita Zanpantzar pertsonaia Hazparnera eramateko prestatuko dira. Eguerdi partean, berriz, inauterietako desfilea izango da herriko kaleetan barrena, giroa musikaz eta dantzaz alaituz. Arratsaldean, bizilagunak Hazparnera joango dira Zanpantzarren epaiketara.
Sardiniako Orosei herriko inauterietako pertsonaiak gonbidatu dituzte. Euskal Herriko inauterietakoen antzekoak dira euren pertsonaiak.