GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Arropa bezala, istorioak probatzen

 Hainbertze “Prison break” ikusi, azkenean telesailaren barrenean nengoela egin nuen amets. Barregarria izan zen nire burua Lincoln, Michael eta bertzeekin batera ikustea, gaindiezinak ziruditen hamaika traba gaindituta kartzelatik atera diren protagonista ausartekin, alajaina! FBIkoak, Gobernuko zerbitzu sekretuetakoak, nor ez ote dute atzetik! Eta ni haiekin nengoen, beti egon ohi diren bezala, arrisku bizian, ekintza miragarriak egiten Polizia engainatzeko. Etxebizitza garai-garai batzuen gainean geunden arren, ez nuen batere beldurrik sentitzen (nik dudan bertigoarekin!). Gaur, berriz, bertsotan egin behar nuela amestu dut. Egia erran, behin baino gehiagotan izan dut amets berdintsua: talde batean nago, ez dakit nortzuk diren nirekin daudenak, ez naiz aurpegi batez ere oroitzen. Kontua da banaka-banaka denok kantatu behar dugula eta nire txanda ailegatzean ez naizela gai deus txukunik errateko. A ze estualdia! Eskerrak ondoko lagunak errimak xuxurlatu dizkidan! Ametsetan alde batera utz dezakegu garena, eta edozer, edozein, izan gaitezke. Esna zailagoa da istorioak arropa bezala probatzea. Hala ere, bertze pertsonaia bat asmatzeko tentazioa dut, Max Frischek bezala. Bertze ni bat, mundua desberdin ikusteko, bertze kolore batzuekin, perspektiba ezezagun batetik. Egun batean, itsuen betaurreko beltzak eta bastoia lortu eta ikusiko ez balu bezala jokatzea erabakitzen duen gizonak bezala. Berak desberdin ikusten ditu bertzeak, bertzeek bera ere bai, eta erlazio berriak sortzeko aukera ematen dio horrek. Ez al dugu bertzela ere bakoitzak pertsonaia bat asmatzen eta antzezten? Asteburuan, bata zuria eta betaurrekoak jantzi eta zientzialari ero bat izanen naiz. Eta edabe magikoekin goxatuko ditut inauteriak...
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo