GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Zalantzak eta egonezina

Necati: «Lillok, etxean, bi aurrelari jarri behar lituzke»

Berrogeita hamargarren neurketa jokatu zuen larunbatean Claudio Bravok zuri-urdinekin. Ezer ospatzeko gogorik gabe, txiletarrak «balantze txarra» egin zuen, eta «irabazitakoan soilik pozten» dela aitortu..

p040_f01_148x112.jpg

GARA | DONOSTIA

Aspaldion zalantzak eta ezinegona dira nagusi Realean. Nahiz eta igoera postuetatik hurbil egon eta Bigarren Mailan gol gutxien jaso duen taldea izan, ez dago irribarre askorako konturik.

Hasteko, Murtziaren aurkakoa Claudio Bravo atezainak jokatutako 50. partida izan bazuen ere, honek ospatu beharrekoa autokritika egiteko aprobetxatu zuen. Bukatzeko, talde gipuzkoarrak aspaldion izan duen gol falta dela-eta, Necati aurrelari turkiarrak bere errezeta proposatu zuen: etxeko neurketetan aurrelari baten ordez, birekin jokatzea, alegia. Aholkuak emateko iaioago dago, antza, turkiarra, golak sartzeko baino.

Necatiren hitzetan, «arazoa ez da Abreuk, nik neuk edo Agirretxek jokatzea. Nire ustez, area inguruan erasokorrago izan behar du gure jokoak. Areatik hurbil presionatu behar dugu, uneoro aurkariarentzat mehatxu izan behar dugu. Gure kontra jokatzen dutenek talde indartsua eta oldarkorra garela ikusi behar dute».

«Entrenatzailearekiko dudan errespetua baztertu gabe, bera baita azkenean nork eta nola jokatu behar duen erabakitzen duena, Anoetan bederen bi aurrelarirekin jokatu behar dugula uste dut. Presioa goian egiteko baliatu dezakegulako erasotzaile bat gehiago izatea jokoan».

«Aholkuen txokoa» amaitu ostean, aurrelari turkiarrak Herculesen aurkako neurketa «igoerako postuetarako bidean gakoetako bat» izango dela esan zuen. «Oraindik asko falta da, baina ezin dugu huts gehiagorik egin. Sailkapenean aurretik ditugunekiko aldea murrizteko ezinbestekoa izango da Herculesi irabaztea».

Ospakizunetarako arrazoirik ez

Claudio Bravo atezainaren hitzak Necatirenak bezain xelebreak izan ziren. Txiletarrak 50. neurketa jokatu zuen Murtzian, baina atzoko prentsaurrekoan, antza, ez zeukan hori ospatzeko gogorik.

«Golik gutxien jaso duen atezainaren saria baino, nahiago dut taldea Lehen Mailara igotzea. Orain arteko balantzea txarra da: jaitsi egin ginen eta Bigarren Mailan gaude. Gauza onak etorriko ahal dira hemendik aurrera!», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo