EHF KOPA baloncesto
Itxakok berriro Danimarka aldean bilatuko du sailkapena
GARA | LIZARRA
Slagelse gainditu ondoren, berriro ere Danimarkatik etorri zaio Itxakori aurkaria. Oraingoan, Randers HKren aurka bilatuko dute nafarrek EHF Kopako finalerdietara sailkatzeko bidea.
Atzo Vienan gauzatutako zozketaren emaitza ontzat eman zuen Lizarrako taldeak, oraingoz behintzat, aurkari zailenetatik (Brasov eta Volvogradoko Dinamo) aldentzea lortu baitu.
Horrek ez du esan nahi kanporaketa erraza izango denik. Alde batetik, joaneko partida Lizarran lehiatuko delako -Slagelsen aurka ere horrela izan zen-, martxoak 14 edo 15ean, eta, beraz, sailkatuaren izena Danimarkan (astebete geroago) erabakiko delako. Eta bestetik, Randersek esperientzia galanta duelako txapelketa kontinentaletan. Aurtengoa, izan ere, bere zazpigarren parte-hartzea da EHF Kopan. Orain arte Europan izan duen ibilbidea ikusita, hala ere, itxaropentsu egon daitezke nafarrak, Randersek inoiz ez baitu final-laurdenik gainditu. Saiakera berria egingo du Itxakoren aurka, aurreko kanporaketan Oldemburg ozta-ozta gainditu ondoren.
Ligan, bestalde, indartsuenetatik urrun dabil aurten, bederatzigarren postuan baitago (hamabi talde dira guztira).
Izen propioei dagokienez, badaude nafarrek ezagutzen dituzten jokalariak. Batez ere, Ferrobus Mislatan aritutako Chana Masson atezaina eta Cornexi Alcoako -Itxakok iaz gainditutako taldea- Sabina Tapai jokalari ohia. Ez da hungariar bakarra, Andrea Tapai edota Bernardett Bodi ere bertan daude-eta.
Randersen izar nagusiak, hala ere, Katrine Fruelund eta Camilla Dalbi dira. Lehena Danimarkako selekzioan aritu da urte askoan eta bere taldekidea Ligako bigarren golegilea da, 17 jardunalditan 94 gol sartu ondoren.