GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Jozank tailerretan, nerabeak eta euskal musikariak berbetan

Bilboko Harrapazank egitasmoak, aurten estreinakoz, Jozank tailerrak jarri ditu abian, eta euskal artistak nerabeengana hurbilduko dira hainbat musika tresnen inguruan lasai eta gertutik hitz egitera.

p056_f01_148x76.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Jozank tailerrak aurkeztu zituen atzo gaztetxoei aisialdia euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen dien Harrapazank egitasmoak. Ekimenean parte hartuko duten Gaizka Salazar bateria-jotzaileak eta Ekaitz Fernandez baxu-jotzaileak musikarien bozeramaile jardun zuten aurkezpenean. Tailerren ardatza musika izango da, eta «euskal musikari ezagunek beraien hasierakoak eta esperientziak kontatuko dituzte». Lau saioren bitartez, «bateria, ahotsa, gitarra eta baxuaren gaineko ezagutza landu nahi da». Topaketa horietan, musikariek beraien aurkezpena egingo dute, eta kantuak zein bideoak erabiliz, tankera ezberdinetako musikaren edota musikari ezagunen gainean ere arituko dira.

Atzoko aurkezpenean egitasmoa oso interesgarritzat jo zuten bertan ziren bi musikariek. Fernandezek esan zuenez, «musikariak hurbiletik ezagutzeko aukera ona izango da, eta hurbileko sentituko naiz ni ere, oraindik nerabeen grina dudalako». Salazarrek, bestalde, bidean sakontzeko eskatu eta «halako ekimen gehiago egitea faltan bota zuen».

Lau saioak Bilborocken egingo dira, 19.30ean, eta Jabi Onaindia kazetariak gidatuko ditu elkarrizketak. Atzo Gaizka Salazar (Gatibu) eta Ramiro Unzeta (Gor) taldeetako bateria-jotzaileen txanda izan genuen «Baketen indarra» deituriko saioan. Otsailaren 25ean «Ahotsa eta hitzak» izango dituzte mintzagai, Xabi Fernandez (Kerobia) eta Aiora Renteriak (Zea Mays). Otsailaren 26an «Abesti sorkuntza eta gitarra» da gaia, eta Gorka Urbizu (Berri Txarrak) eta Etxe bakarlaria, hizlariak. Tailerrak martxoaren 4an bukatuko dira, «Baxua, kantaren oinarri erritmikoa» ahotan hartuta, Josi Gimenez (Dr. Deseo) eta Ekaitz Fernandezen (Split 77) jardunarekin.

Lau saio hauetaz gainera, Jon Elizalde artistak «Ordenagailu bidezko musika sorkuntzari» buruzko ikastaroa emango du La Bolsa udaltegian apirilaren 23 eta 30ean.

Harrapazanken egitarauak bere bideari jarraitzen dio, eta tailerrak ez ezik, Sugan eta Kauta taldeen kontzertua ere antolatu du martxoaren 13rako, Bilborock aretoan bertan, 20.00etan eta 6 euroren truke.

Dantzazank

Jozank tailerrarekin batera, Dantzazank lehiaketak osatzen du aurtengo berrikuntza. Nerea Aliasek aurkeztuko duen dantza saioa Bilborocken egingo da martxoaren 20an, 19.30ean, eta dantzari taldeek koreografiak antolatu eta aurkeztu beharko dituzte bertan. Lan horretarako, dantzari euskaldun batek gidatutako klaseak jasoko dituzte astean behin gazteek, otsailean eta martxoan, koreografo famatuen bisita eta guzti.

Ekimenekin bukatzeko, martxoaren 27an Ilaski Serrano eta Kike Amonarrizek aurkeztutako Mihiluze telebista saioaren edizio berria izango da, pertsonaia famatuen parte-hartzearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo