Baikortasun distira dakar Puro Chile bizkaitar taldearen «Color» estreinako lanak
A. BILBAO | BILBO
Ane Irisarri (koroak), Pedro Fernandez (bateria), Urko Igartiburu (gitarra) eta Mamen Rodrigok (baxua eta ahotsa) osatzen duten Puro Chile taldeak azken hau du partaiderik ezagunena, bere garaian Vulpes punk talde sonatuko kide baitzen Mamen (nork ez du ezagutzen «Me gusta zer una zorra» kantua eta espainiar telebistan honek sortutako kalapita?).
Beste garai batzuk ziren haiek, punk garai gogor eta gogoratuegiak, eta orduan neskatoa zen Mamen ama bihurtua dugu jada. Agian horregatik, auskalo, eta oraindik ere rock doinu indartsuak jorratzen dituen arren, baikortasunez bete dute Puro Chile taldearen debut lana, «Color», aurkezpenean azaldu zuten bezala, munduko ankerkeria beraiek ere pairatzen duten arren.
Ezohiko aurkezpena izan genuen atzokoa, taldeko partaide bakoitzak baduelako bere itxura berdina duen txotxongiloa, eta azken hauek eman baitzituzten lanari buruzko argibideak. Txotxongiloen azalpenen ostean gainera, taldeko lau partaideek bi kantu jo zituzten zuzenean eta modu akustikoan, rock doinuak rumbara moldatuta.
Ondoren, aurkezpenari bukaera ezin hobea emateko, mexikar janari bizia eskaini zuten, eta pantailan «La Quiero» kantuaren bideoklipa jarri, txotxongiloak protagonista dituen eskulan paregabea.
Taldea orain gutxi sortu zen, duela pare bat urte edo. Mexikon, aurretiko ezagupenik gabe bat-batean egindako gauzak izendatzeko erabiltzen duten «puro chile» esamoldea hartu zuten izen. Lau kantuko maketa bat etxean prestatu eta batean zein bestean zuzenean jo ostean, estreinako lana plazaratu du orain, inguruko musikari eta lagunen partaidetza ugariarekin.
Partaidetza zabala
Kantuak alaiak eta apalak dira, gehiegikeriarik gabe Berrizko Lorentzo Records estudioetan Aitor Ariñorekin moldatuak. Eta laguntza berriz, luxuzkoa, taldekideen esanetan: Hertzainak-eko Josu Zabala soinuan, Zaramako Roberto Moso ahotsetan, Joni Benito saxofoian, Ino Nodar perkusioan edo Starlites-eko Ezeguiel Rudi Garcia gitarran...