GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jean-Claude Aguerre Batasuneko mahaikidea

Azken herritar zenbaketaren emaitza: 17.026 euskaldun gehiago Ipar Euskal Herrian

Autonomia bat tresnarik hautuena agertzen da, euskaldun guztiei, 17.026 berri hauek barne, bere nortasunaz duntu eta bere erroez harro den herri batera heltzeko parada eskaintzeko

Ipar Euskal Herrian 288.362 egoiliar daude 2006an agertu azken INSEEren (Estatu frantseseko Estatistika Erakunde Nazionala) biztanle kontaketaren arabera, hots, 17.026 pertsonaren emendioa 1999ko zenbatzearen aldean. Aurrerakada hori Ipar Euskal Herriko azken 40 urteetako bizizale kontuen bilaketa baikor eta jarraikian sartzen da. Ustekaberik ez, beraz, eskualdeen artean desberdintasunak baldin badira ere, aitzinamendu demografiko horretaz kostaldea bada osoki baliatzen. 112.026 biztanle bilduz BABen pezuak gaina hartzen du. Barnealdeari buruz, jendetza egonkortasun bati buruz ari da orokorrean: adibidez, guti gorabehera Amikuze, Iholdi-Oztibarre, Garazi eta Baigorriko kantonamenduak biltzen dituen Nafarroa Behereak 765 egoile irabazi ditu 1999 eta 2006 artean, hots, 26.423 baxenabartarrekin azken urte honetarako. Aldiz, Zuberoan, beherakadak segitzen duen eremuan, 190 egoiliarren galtzearekin egoera ilunagoa da. Mementoan, INSEEk eman datuen arabera, garapen demografikoaren zergatiak ezin dira zehazki ulertu. Bizkitartean, berri on honen ondorioz, DGF (Dotation Globale de Fonctionnement-Ibiltzeko emaitza osoa) emaitza aberatsagoak ekartzen dizkie Estatuak herriko etxeei. Egiazki, datu demografikoak diru iturri bilakatzen dira auzapezentzat, azkarragoak edo ahulagoak. Hala nola Biarritzeko Didier Borotra auzapez senatorearentzako 3.431 biarriztar gutxiagorekin milaka euro desagertzen zaizkio. Itsas bazterreko hiri erakargarria da eta hor lur sari espekulazioa izarigabekoa izan da azken urte hauetan, metro karratua 4.000 eurotik hurbil saltzen zelarik! Nahitaez, egoitzetatik %35 atseden bizilekuak dira.

Alderantziz, Basusarrik garapen demografiko nagusi bat izan du, bere jendetza 1.866 herritarretik 2.463 herritarrera igaro baita, %31ko garapena delarik. Seguru aski emaitza honek eguneroko zerbitzuetan, bai eta herriko egitura sozialetan, aldaketa ikaragarriak sortzen ditu. Gizarte oinarria bestelakotzen da, jendarte eskema eta kode guztiak aldaturik aurkitzen dira. Egoera honek auzapezari erranarazten dio: «Jendeak herrian egoten hasten dira, gero hemen bizitzerat heldu dira» («Sud-Ouest», 2009-1-14). Hor da galdera, Herrian bizitzearena. Euskal... herrian. Nola egin Ipar Euskal Herriaren euskaldun nortasunak etorle berri hauen kopuru handia jasan/hartu ahal izan dezan? (Ipar) Euskal herriko garapen eskemaren lanek aurreikuspenak eginak zituzten. 30.000 egoiliar gehiago aipatzen zituzten XXI. mende hastapen honetarako. Horretan gara. Eztabaida eta gogoetak eramanak izan dira eta aterabideak ere asmatuak. Eta edozein aurreikuspen molde, bere amaierarat heltzen zen: jendetza heltze gotor honen kudeatzeko eta dinamika baten garatzeko, Euskal Herriak bere tresna instituzional bat beharrezkoa du.

Baina era oneko aitzinamendu bihirik ez da eginik izan arlo horretan. Arras alderantziz, azkenik agintari publikoek onartu hitzarmena 2020ko Euskal Herriaren izenean gutien batean eman da diru ahalentzat: 213 milioi euro 2007-2013 tarterako. Konparazionez, BABeko 2008ko aitzinkontua 200 milioi eurotakoa zen. Okerrago, zutabe sendo eta azkarrenetarik den «pays» egitura instituzionala bera, hiltzerat mehatxatua da, frantses eskema instituzionalaren baitan. Aurrekontu murrizketa eta frantses egitura instituzionala arrazoitzearen ildotik Sarkozyren Gobernuan kentze zabalak aurreikusiak dira. Orduan, nola kudeatu herri gustagarri eta erakarle honen bizia tresna instituzional egokirik gabe?

Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua diren alegiako lekuko botere baten estrukturaren defendatzaileentzat bataila harrabots handikoa da. Urtarrilaren 22ko Hautetsien Kontseiluaren ondotik, Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko lehendakaria eta Jean-Baptiste Etcheto Garapen Kontseiluaren lehendakariak Edouard Balladur-i (Politika publikoen jorraldi orokorrerako lan egiten duen lurralde kolektibitateen berrantolaketaren komiteko lehendakaria) dei egin diote argi gorria pizteko.

Hori nahikoa izatetik urrun da. Euskal Herriaren erronka bestelakoa da. Bere biziraupen ahalen beretzea da jokoan; 17.026 biztanle berrien bertakotzeaz, bizi molde bati, besta hain untsa egiten dakien milurteko kultura zabal eta euskaldunari. 17.026 pertsona hauek, lehenago etorri direnek eta gero etorriko direnek bezala adierazi ahal izan dezaten molde batean ala bestean: euskalduna naiz eta euskaldun izateaz harro naiz.

Horretarako, aterabidea ezaguna da, Euskal Herriak desafio honen heineko ahal eta eta eskubidez hornitua den koadro bat. Autonomia estatutu baten araudiekin zehazten dena. Autonomia bat tresnarik hautuena agertzen da, euskaldun guztiei, 17.026 berri hauek barne, bere nortasunaz duntu eta bere erroez harro den herri batera heltzeko parada eskaintzeko. Ororen buru, lekuko bizian jendetza guzti hauen harrera eta irekidurak Euskal Herriko bizia aberastuko du. Denek zerbait irabazteko dukegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo