GARA > Idatzia > > Mundua

Liebermanen sostengua jaso du Netanyahuk, lehen ministro izateko

Israel Beitenu alderdi ultraeskuindarraren buru Avigdor Liebermanek sostengua adierazi zion atzo Likudeko Benjamin Netanyahuri Israelgo lehen ministro berria izateko. Tzipi Livniren Kadima alderdiko kideek oposizioan geratu beharko dutela ikusten hasiak dira.

GARA |

Likud alderdi eskuindarreko buru Benjamin Netanyahuk Israelgo lehen ministro izateko aurrerapauso handia eman zuen atzo, Avigdor Lieberman ultraeskuindarraren sostengua jaso baitzuen. Liebermanen alderdia, hamabost diputatu dituen Israel Beitenu (Israel Gure Etxea), ezinbestekoa da Gobernu berria osatzeko.

Israelgo presidente Shimon Peresekin bildu ondoren, azaldu zuen bere jarrera Liebermanek. Armadaren irratiak adierazi zuenez, Liebermanen hitzen ondoren, Peresek Netanyahu izendatu beharko du lehen ministro izateko hautagai.

Otsailaren 10ean egin ziren hauteskundeetan Kadima alderdiko Tzipi Livni izan zen garaile, baina Netanyahuren Likud bigarren gelditu zen diputatu bat gutxiagoarekin. Livniren aldekoa zen Alderdi Laboristak, ordea, porrota jaso zuen hauteskundeotan, eta Liebermanen alderdiak, berriz, gora egin zuen.

Dena den, lehen ministro izateko alderdi txiki ugarirekin akordioetara heldu beharko du oraindik Netanyahuk: Shas (hamaika hautetsi) eta Torah-ko Judaismoaren Batasuna (bost) ultraortodoxoak, Habayit Hayehudi (hiru) eta Batasun Nazionala (lau) ultraeskuindarrak.

Akordioa ez da erraza izango Israel Beitenu-ren eta Shasen artean, tirabira ugari izan dituztelako ezkontza zibilak direla-eta.

Kadima, oposiziora

Netanyahuk zaila badu ere, Livnik ia ezinezko izango duela esan daiteke. Eta Kadimako kideak oposizioan geratu beharko dutela onartzen hasiak dira.

«Kadimak oposizioan egon behar du. Netanyahuren Gobernu estremista Israelgo historiako laburrena izango da», esan zuen Roni Bar-On ministroak.

kerry gazan

AEBetako senatari John Kerry eta Kongresuko beste bi kidek orain arte inoiz izan ez den bisita egin zuten atzo Gazara. Dena den, ez ziren lurralde hori gobernatzen duen Hamasekin bildu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo