GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Musika eta osasuna (II. atala)

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetari eta musika adiktoa

Iragan zutabean, gure artean nahiko ezezaguna den musikaren eremu batetaz mintzatzen hasi ginen: musikak gizakian eragiten dituen ondorio fisiko eta sikologikoetaz, alegia. Historian zehar kultura desberdinek ikertu eta praktikan jarri dituzte musikak gorputzean dituen eragin ezberdinak.

Betidanik, musikak eta dantzak paper garrantzitsua jokatu dute gorputzaren osaketan. Azken urteetan egin diren ikerketa desberdinek, musikak, nerbio sisteman eragiteko ahalmena dutela frogatu dute eta musikak kitzikatuta, gorputzak; besteak beste, endorfina, dopamina, azetilkomina edo oxitozina bezalako substantziak sortzeko ahalmena du. Substantzia hauek gorputzaren babes sistema sendotzen dute eta alaitasuna eta ongizate sentsazioa sortu dezakete. Guztiok sentitu ditugu noizbait musikaren eraginak; musika batzuk lasaitzeko ahalmena dute eta besteak dantzan jartzen gaituzte, alai edo triste. Ikerketetan sakonduaz musikaren erritmo, melodia, tonu edo intentsitateak era batera edo bestera eragiten digutela frogatu omen da.

Erritmoa adibidez, bizitzaren taupada da. Erritmoak bihotzaren taupadan eragin dezake, azkartuz edo mantsotuaz. Erritmoa orekatua eta egonkorra bada, osasuntsua izango da gorputzarentzat eta erritmo irregularrek arazoak sor ditzakete osasunean (bihotzaren taupadak gehiegi baldintzatzen badituzte behintzat). Ikertzaile hauen esanetan musika estilo batzuetan erabiltzen den anapesto erritmoak eragin kontrajarria izan dezake gorputzean (rock, punk, heavy eta musika elektronikoko kantu batzuetan erabiltzen omen da). Perkusio instrumentuek odol sistema kitzikatzen dute eta gorputzaren energian eta sexualitatean eragina omen dute.

Melodiak afektibitatean du eragina eta plazerra, alaitasuna edo tristura bezalako sentsazioetan eragin dezake. Armonia, disonantea denean, irrika, ezinegona eta urduritasuna eragin dezake eta soinu kide edo soinu bereko denean berriz oreka, egonkortasuna eta atsedena. Instrumentuak duen tinbre eta tonoaren arabera ere eragin bat edo bestea edukiko du; soinu agudoek kitzikatu egiten dute (altuegiak direnean berriz mina sortu dezakete) eta grabeek erlaxatzeko ahalmena dute. Intentsitatea ahula denean intimitatea eta baretasuna eragiten du eta ozena denean berriz nekagarria, astuna eta mingarria izan daiteke. Ikerketa hauek, guztiak bezala, ikuspegi kritikoarekin aztertu behar ditugu eta inoiz ez, egi absolutuak balira bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo