Binakako Txapelketa
Pitagorasen teorema ala irabazteko nahiaren tesia?
Berasaluze VIII.a-Begino eta Titin III.a-Pascual arituko dira gaur elkarren aurka Covaledan, erabakigarria izango den zortzigarren jardunaldiari hasiera ematen.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Asteak dira Binakako Txapelketa honetako ligaxka erabaki dezakeen jardunaldiaren atarian gaudela esaten ari garela, baina jarraitzaileak, adi egon, oraingoan benetakoa baita.
Baliteke zazpi bikoteek -Olaizola I.a eta Patxi Ruiz izan ezik, kanpo baitaude jada- asteburuko norgehiagokei baino, kalkulagailuari ematea garrantzia, baina hori, esperientziaren arabera, ez da seinale ona izaten. Argi dago aipatutako bikoteek hurrengo fasean egoteko aukerak dituztela, baina horretarako, lehenik eta behin, euren norgehiagoka irabazi behar dute eta, bigarrenik, beste emaitzen zain egon.
Zortzigarren jardunaldiak suspense ikaragarria izan dezake astelehenean jokatuko den azken partidaren amaierara arte. Baina, lehenik, Titin III.a-Pascual eta Berasaluze VIII.a-Begino bikoek (23.15) edo, beste era batera esanda, sailkapeneko laugarrenek eta zazpigarrenek behinik behin, Covaledaraino (Soria) bidaia egin beharko dute, euren norgehiagoka jokatzeko.
Bestalde, gaur bertan aukeratu beharko dituzte pilotak pilotalekuaren urruntasuna dela-eta. Beraz, bi bikoteak, hasiera batean, egoera berean daude.
Orain arteko ibilbideari begiratuta, Titinek eta Pascualek gorabehera ikaragarriak izan dituzte txapelketan. Lehen partida Olaizola II.aren eta Mendizabal II.aren kontra 21-22 galdu ostean, hiru garaipen lortu zituen Aspeko bikoteak. Momentu horretan, gainera, Pascualek bere mailarik onena erakutsi zuen, atzelarien garrantzia agerian utziz. Titin, aldiz, ez da bere mailara iritsi eta horrek partida ugari erabaki ditu.
Berasaluze VIII.a eta Begino, aldiz, gaurko aurkariak baino erregularragoak izan dira, eta behetik gora egin dute txapelketan zehar. Atzelari nafarrak bere kolpe ikaragarria berreskuratu du eta Berrizko aurrelaria tantoak amaitzeko maisutasuna erakusten ari da. Aurreko astean ez zuen jokatu eta hori Aspekoen aldeko faktorea izan daiteke.
Barriola, zalantzan
Beste alde batetik, Iruñean eta Eibarren jokatuko diren partiden pilota aukeraketak egin ziren atzo. Astelena pilotalekuko protagonistetako bat Barriola izan zen. Iragan asteleheneko partidan eskuineko eskuan min hartuta amaitu zuen leitzarrak, eta egunotan bere lan tresna erabili gabe aritu da. Gaur bertan beste proba bat egingo du nafarrak eta hor erabakiko du igandean jokatuko duen ala ez.
«Ezin dut esan nola nagoen, ez baitut pilotarik ukitu. Astelehenaz geroztik, eskua sendatzea beste gauzarik ez dut buruan eta horretan nabil masajeak ematen. Bihar arratsaldean -gaur- proba egingo dut Eibarren eta orduan erabakiko dut», adierazi zuen Barriolak.