Distiratzen utzi ez dieten primerako aktore sekundarioak
«Secundarios vascos de primera» (Euskadiko Filmategia) liburuaren jarraipena idatzi du Carlos Roldanek. Pilar Rodriguez, Saturnino Garcia, Marivi Bilbao, Ramon Agirre, Ane Gabarain, Kandido Uranga eta Ion Gabella aktoreen filmografia eta elkarrizketak biltzen ditu.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Euskal Herriko aktoreen nondik norako artistikoa berraztertzea helburu duen bigarren liburua aurkeztu zuen atzo Carlos Roldanek. Nolabait ere, entzute handiko eta kalitateko lana egin izan duten zazpi aktore ditu mintzagai, arrazoi batengatik edo bestearengatik, «benetan merezi duten protagonista papera» lortu ez dutenak. AISGE Fundazioaren laguntzarekin Euskadiko Filmategiak editatutako lehenengo liburuan, Mikel Garmendia, Elena Irureta, Txema Blasco, Kontxu Odriozola, Paco Sagarzazu, Esther Esparza, Ramon Barea eta Iñake Irastorza aztertu zituen Roldanek. Oraingo honetan, berriz, Pilar Rodriguez, Saturnino Garcia, Marivi Bilbao, Ramon Agirre, Ane Gabarain, Kandido Uranga eta Ion Gabella hautatu ditu. Azken hau 2002. urtean hil zen moto istripu batean eta haren familiak parte hartu du liburua osatzeko garaian. Gainera, datorren larunbatean, hilak 28, Gasteizko Zinemastea jaialdiak omenaldia eta Gutako Bat saria eskainiko dizkio itxiera ekitaldian.
Albert Camus idazle eta filosofoaren esaldi bat aipatzen du Roldanek liburuaren hasieran: «Ez dago paper txikirik, aktore mediokreak baizik». Esamolde horrekin ados zegoela adierazi zuen atzo, baina gaineratu zuenez, «askotan talentuz beteriko aktoreak eklipsatuta geratzen dira ematen dizkieten paper txiki eta funtsik gabekoekin, eta halako paperekin distira sortzea ezinezkoa izaten da».
Beti berdinean mugatuta
Liburuaren idazlea eta aurkezpenera bertaratu ziren aktoreak bat etorri ziren aurkitzen dituzten oztopoen harira. Askotan funtsik gabeko eta «pertsonaiarik gabeko» rolak eskaintzen dizkietela adierazi zuten eta horrek «min» egiten diela. Pilar Rodriguezek honela azaldu zuen bere ustea: «Gehienok behintzat ez gaude aukeratzeko moduan, lan egitearekin konformatu behar izaten dugu. Hala ere, amorrua ematen dizu lantzerik ez dagoen pertsonaiarik gabeko papera eskaintzen dizutenean. Niri naizena baino emakume helduagoarena egitea tokatu izan zait beti». Ramon Agirre ere ados azaldu zen, nahiz eta, bere ustez, denetik egiteko aukera izan duen: «Burusoilaren papera bai, hori egitea tokatu izan zait».
Kandido Urangak ildo beretik jo zuen: «Gure artean aktoreak gara denak, ez gara lehen edo bigarren mailakoak. Baina pertsonaia nagusiren bat eskaintzen ez dizutenean, hainbeste urte lanean aritu eta gero, mindu egiten zaitu. Ohikoa da rol jakin batera mugatzea, makarra edo gaizkilearenera adibidez. Zuzendari bati berdin zaio aurretik zer egin duzun, soilik bere filmean egin beharreko papera axola zaio. Baina, gutxienez, jorratzeko moduko papera izan behar du».
Alferrik galdutako talentua
Zinemak «`takilarekiko' duen menpekotasuna» dela-eta, zerbaitek ongi funtzionatzen duenean bere horretan uzten dela azaldu zuen Carlos Roldanek. Ondorioz, aktore hauen talentua alferrik galtzen omen da. «Interpretazio miresgarri bat ikusten duzu, `Vacas' pelikulan Kandido Urangarena bezalakoa esaterako, baina gehiago ez. Eskaintzarik ezean, bidean galtzen da talentu hori guztia».
Itxaropenerako arrazoirik ere azaldu zuten, hala ere. «Zinemaren magiak oztopo horiek guztiak gainditzen ditu». Gainera, Mikel Arregi Euskadiko Filmategiko gerenteak adierazi zuenez, 1980ko hamarkadan zineman izandako «boom»aren ondorioz kanpora joan ziren profesional asko Euskal Herrira itzultzen ari dira pixkanaka, «baina administrazioak eta telebistak laguntzak eman behar dituzte zinemaren ekoizpena egonkortzeko».
kultura
Atal guztiak ondo lotuta izan behar dituen makineria da pelikula bat. Zuzendari ona izan lezake, protagonista distiratsuak, musika hunkigarria... Baina erdipurdiko aktore sekundarioak baldin baditu, guztiz ahulduta geratuko da.