GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Denbora testigu!

Hamaika entzuteko gara! Hauteskundeetan batez ere, belarriak aspertu arte. Hamaika ikusteko gara! Hauteskundeetan batez ere, begiak aspertu arte. Hamaika usaintzeko gara! Hauteskundeetan batez ere, sudurrak aspertu arte. Horra nire zentzumenek garaiotan sentitua. Hortaz, nire entzumenari, ikusmenari eta usaimenari hitza eta erabakia onartu dizkiedanetik alde egiten didate gorputzetik garaiotan, eta belarrie- tan ezkoa, begietan ertza eta sudurretan mukia besterik ez zait horrelakoetan geratzen gobernu zaharberritua eratu arte. Tira, hamaika dastatzeko dira, jubilatuak!

Hauteskundeetan batez ere, ahosabaia aspertu arte. Bai, sarri askotan urdaiaren barrenetik abiatzen du boto-paperak hautestontzirainoko bidea; ez, ez nago jubilatuez orain. Atera kontuak! Tira, kanpainaren harira! Bada txerriak hegaz ikusi duen jelkiderik. Ez dakit non dagoen horren harridura, akaso txoriak ez dituzte oinez ikusi? Seguru ezetz. Dena dela, jakina da kontuok zelakoak izaten diren jelkideen munduan: hemen txerri hegalarien gainean txarto esaka hasi eta gero beheko estatuaren erdialdeko mendilerroren batean alanbre-hariaren kudeatzaileen eskutik ehizean amaitu. Gainera, jelkideak eta enparauak ezagututa, halabeharrez, txerriak hegaz ikusi dituztela esaten hasten direnean aireportu berriak agintzen amaituko duten seinalea, txerrien trafikoak gora egingo duela argudiatuta. Kapaz. Think Gaur demontre horrekin dihardute jelkideek karpatik karpara, euren betiko jarduera ezagun hori diskurtso tunizatu batera bildu gurarik edo. Kontratu berria gura dute horiek estatuarekin sinatu, kontzertu politikoaren partitura legez edo. Bai zera, prekarietate gehiago ekarriko die kontratu horrek eraikuntzan lanean direnei, herri-eraikuntzan buru-belarri direnei batez ere; denbora testigu!

Lehengoan Berriak antolatu Foroan ziren politikariak estatuari neurria hartzeko moduez aritu ziren. Jelkideek metroa dute neurgailu, Euskopoliseko metro duten AHT izan ere. Hurrengo urratsa Euskopoliseko 500 Miliak antolatzea bide dute, pole positionean beheko epaitegi nazionaleko auto berriak izango direla. Denbora testigu!. Masa kritikoa eratu behar da Herri honetan, behingoz! baina ez bolumenaren aldetik, mitxelinek nahi bezala, dentsitatearen aldetik baizik. Horra hor apustua. Denbora testigu! Horretan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo