Aitor Aranaren eta Luis Garderen lanak, Irun Hiria sarietan garaile
Aitor Arana eta Luis Garde dira, hurrenez hurren, aurtengo Irun Hiria literatur sarietan euskarazko eleberria eta poesia sailetako irabazleak. Oscar Wilderen bizitza jaso du legazpiarrak, lehendik idazle irlandarrari aitortua dion mirespenaren lekuko. Iruindarrak, berriz, errealitatearen eta itxuraren arteko desorekaren hausnarketa planteatu du.
Xole ARAMENDI | IRUN
«Oscar eta Sebastian» aukeratu du Irun Hiria literatur sarietan euskarazko eleberriaren saileko epaimahaiak lan onentzat. Aitor Arana (Legazpi, 1963) da nobelaren egilea eta aurretik ere Oscar Wilde idazleari aitortua dion mirespenaren adierazle da lana.
Irungo udaletxean atzo eguerdian eginiko ekitaldian eman zituzten ezagutzera aurtengo irabazleen izenak. Arantxa Urretabizkaiak egin zituen epaimahaiaren bozeramaile lanak eta hartutako erabakia arrazoitzeko unean honokoa esan zuen. «Aurten sei eleberri izan ditugu hautagai, horietatik hiru baserri giroan kokatuak. Irabazlea, ordea, oso bestelakoa da. Oscar Wilderen bizitza eta lana kontatzen du. Bizitza, jaio zenetik hil zenera arte, ezkontza, kartzelako garaia eta heriotza barne. Baina tartean, bere lanaren bilakaera ere bai, nola hezi zen, zer irakasle izan zituen eta zer ibilbide egin zuen modu artistikoari dagokionez. Hala ere, liburua ez da biografia hutsa, ez da biografia bat zentzu normalenean, ikuspuntuak bilakatzen du lan hau eleberri. Narratzailea Oscar Wilderen lagun eta maitale ohi baten larruan sartzen da eta barrutik kontatzen du Wilderen bizitza, modu erakargarrian kontatu ere», azaldu zuen. Urretabizkaiaren esanetan, «zentzu batean, tolerantziaren aldarrikapena edo intolerantziaren gaitzespena da», Aranaren eleberria.
Gaztelaniazko lanak
Gaztelaniazko atalei dagokienez, eleberri onena «Manjar blanco» izenekoa izan da, Valentziako Luis Maria del Romero Sanchezek sinatua. Poesia lanen artean, berriz, «El polvo y la ceniza» hautatu du epaimahaiak, Murtziako Rafael Martinez Cuadradorena.
Kutxak 39. urtez antolatu duen literatur sariketa honek berrikuntzak izango dituela jakinarazi dute. Aurrerantzean bi urtetik behin egingo dira eta sariak indartu egin dira, diru zenbatekoa handituz. Eleberri onenen egileek 25.000 euro jasoko dituzte eta poesia-lanen idazleek, berriz, 15.000 euro, garaikur banarekin batera.
Aurtengo lau irabazleek datorren maiatzean jasoko dituzte sariak Irungo Ficoban egingo den ekitaldi batean.
«Lurraldearen mapak ez dira lurrak berberak, eta lur berberen bila joan da liburu hau». Hitz hauekin amaitu du Luis Gardek «Unplagged», Irun Hiria saria irabazi duen olerki-bilduma, eta hauexek irakurri zituen Jon Kortazarrek atzoko agerraldian.
Idazleak errealitatearen eta itxuraren arteko desorekari buruz egindako hausnarketa nabarmendu zuen euskarazko poesia ataleko epaimahaiaren bozeramaileak. «Leihoa eta ispilua dira sinbolo nagusiak», argitu zuen. Literatur adituaren esanetan, liburua ixten duen olerki horrekin Luis Gardek gure gaurko errealitatea arakatu nahia adierazi du.
Jon Kortazarrek beste bi ezaugarri ere nabarmendu zituen lan honetan. Batetik, pop kulturarekin egindako lotura aipagarria iruditzen zaio. «Musika, telebista eta zinemaren erreferentzia osoki erabilita daude liburu honetan», azaldu zuen. Bestetik, modernitatearen kulturarekin egindako elkarrizketa azpimarratu zuen, egilea nortasun poetiko berri bat agertzera daramana.
Aurtengo edizioan inoiz baino olerki lan gehiago aurkeztu dira sariotara, hemeretzi guztira. «Sariketa gutxitara aurkezten dira hainbeste», esan zuen Kortazarrek. Euskarazko nobelei dagokienez, zazpi lan jaso dira aurten. Gaztelaniaz, berriz, 170 eleberri eta 171 olerki-bilduma bidali dituzte.
Jatorriari dagokionez, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaitik jaso dira gehienak. Atzetik, Madril, Katalunia eta Andaluzia datoz. Europa eta Ameriketako hainbat herrialdetatik ere aurkeztu dira lanak.