GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Brive

Bigarren zatia soberan izan du Biarritzek

p053_f02.jpg

BRIVE 19

BIARRITZ 15

J.L. | BAIONA

Biarritz berriro ere bide txarrera itzuli zen atzo Briveren zelaian galduta. Hala ere, zazpi puntu baino gutxiagorekin galdu zuenez, defentsan egindako lanari esker puntu bat batu ahal izan zuen, eta horrekin konformatu behar.

Euskaldunek atzo ez zuten partida ona egin, ez zuten entsegu bat ere lortu, eta entseguko marrara heltzea ere asko kostatu zitzaien. Egia da Brivek ere ez zuela partida handirik egin, nahiz eta euskaldunak baino gehiago egin zuten, eta horrekin aski izan zuten garaipena erdiesteko. Partida garrantzitsua zen atzokoa, bi taldeentzat, biak baitabiltza Heineken Kopan sartzeko txartelaren bila, nahiz eta zuri-gorrien hasierako helburuak beste batzuk ziren, eta atzokoan, behintzat, atzerapausoa eman zuten Jean Michel Gonzalezek zuzentzen dituen mutilek.

Partidan ongi sartu zen Biarritz, ez zuten aukera gehiegi sortzen, baina aurrelariek egindako presioaren ostean zigorrak lortzen zituzten, eta horri esker atsedenerako aitzinetik ziren, 6-12. Joko ikusgarririk egin gabe nagusitu ziren, eta garaipena lortzeko itxaropena ere handia zen atsedenean.

Bigarren zatian, ordea, erabat aldatu zen egoera, eta etxekoak erabat nagusitu ziren. Aurrean presioa egin zuen Brivek, aurrelariek lan bikaina egin zuten, eta horrek min egin zion talde lapurtarrari, ez baitzuen inoiz arriskurik sortu, ezta zigorrik atera ere.

Brivek apurka-apurka gorantz egin zuen orduan, eta markagailua irauli egin zuen, eta aurretik jarri ziren. Orduantxe hasi ziren euskaldunak zerbait egin nahian, baina bigarren zatian hiru puntu besterik ez zituzten lortu, zigor bati esker, eta hori partidaren hondarrean heldu zen.

Atzoko porrotaren alderik onena, lortutako puntua, nahiz eta lehen zatia ikusita, gutxitxo izan ez ote zen errezeloa izango duten Olympiquekoek. Beste gauza ona Yachvilik eman zuen, berak lortu baitzituen euskaldunen puntu guztiak, denak ere zigor-kolpeei esker, eta badirudi hasi dela bere mailarik onenera heltzen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo