GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Ezkurra II.ak eta Ozafrainek finala jokatzeko txartela izango dute jokoan

p053_f02.jpg

J.L. | BAIONA

Gaur jakingo du Waltarik martxoaren 8an Modernen jokatuko den finalean aurrez aurre izango duen aurkaria zein den. Izan ere, finalerdietako ligaxkako azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur Donibane Garazin, Garat trinketean, eta Ezkurraren eta Ozafrainen arteko partidatik aterako da bigarren finalista.

Ezkurrak eta Ozafrainek Kurutxari menderatu dute, baina biek galdu egin dute Waltariren aurka. Gaur, 16.00etatik aurrera jokatuko den jaialdian, hil edo biziko partida dute. Garaipenak finalerako txartela emango die; galduz gero, ordea, ez dute aukerarik izango: benetako finalerdia izango da gaurkoa.

Ezkurra agertzen da faborito, eta berak bere partida egiten baldin badu, zaila egingo zaio Ozafraini hura menderatzea. Hala ere, tentuz ibili beharko du. Ozafrainek ez zuen partida handia egin kubatarraren aurka, baina Ezkurrak ere ez. Kurutxariren aurkakoan bestelako itxura eman zuten biek. Garat, ordea, Ozafrainen trinket kutuna da, eta oso ongi moldatzen da bertara. Gaurkoan ere sakeak garrantzi handia izango du, eta orain arte, estreinako jokaldiarekin lapurtarra hobeto ari da moldatzen.

Ligaxka honetan beste partida bat ere izango da, Waltarik eta Kurutxarik jokatuko dutena, baina honek ez du inongo garrantzirik izango gertatzen dena gertatuta ere. Galdu ala irabazi, Waltari jadanik finala jokatzeko sailkatuta dago, eta Kurutxarik aldiz, irabazita ere ez dauka inongo aukerarik. Hala ere, dirua nabarmen aterako da amerikarraren alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo