GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Inauteriak

Karroza eta mozorro, inauteri egun bete-betea izan zen atzokoa

Bete-betean inauteri giroan murgilduta joan zen atzoko eguna Euskal Herriko hainbat bazterretan. Prestatzen asteak edo agian hilabeteak emandako karrozak ikusi ahal izan ziren, baita azken unean irudimen pixka batekin asmatutako mozorrorik ere. Gaur ere nonahi izango da inauteriez gozatzeko aukera.

p022_f01_47250.jpg

Janire ARRONDO

Inauterien hasiera ostegunean izan bazen ere, atzo izan zen herri askotan mozorroen jai hauetako egun nagusia.

Eguerdian egin zuten Gasteizen jaien hasiera iragartzeko pregoia. Urtero bezala, margolariak, eguraldi ezin hobeaz lagunduta, trenez iritsi ziren hirira eta ondoren «Ibiltaria» estatua mozorrotu zuten. Handik kalejiran joan ziren Plaza Berriraino pregoia entzutera. Jende andana bildu zen Oihulari Klown taldeko pailazo Virginia Imazen festarako deiari erantzutera. Arratsaldean, berriz, VII. Mozorro Lehiaketa egin zuten Foruen Plazan eta giro bikaina sortu zen parte hartzera animatu ziren guztien artean, baita ikuskizunaz gozatzera hurbildu zirenen artean ere.

Ekitaldi nagusia, hala ere, iluntzeko karroza eta konpartsen desfilea izan zen. Hemezortzi konpartsa inguruk parte hartu zuten, eta giro bikaina izan zen Gasteizko kaleetan. Beriba Samba Eskola eta Indarra konpartsa, berriz, beren kabuz ibili ziren Arabako hiriburuko kaleetan zehar, beren musika eta dantzez bazterrak alaituz.

Iruñeko Alde Zaharrean ere mozorro eguna izan zen atzokoa. Bertako inauteriak horren ezagunak ez badira ere, iruindarrentzat huts egin ezineko egunak izaten dira. Atzokoan, erromatar garaikoen tankerako hamaika pertsonaia ikus ahal izan ziren Alde Zaharreko kaleetan auzoko bizilagunen elkarteak antolatutako festan. Izan ere, aurtengoan, Mari Trapu protagonista duten mozorro jai hauetan, gai horixe aukeratu zuten mozorrotzeko.

Gaur ere mozorrotzeko eguna izango dute, eta oraingoan, neskak mutilez eta mutilek neskaz jantzi beharko dute.

Bilbon, bestalde, Konpartsen Federakundeak antolatutako inauteri desfilea izan zen atzokoan aratusteetako ekitaldi nagusia. Aurtengo aratusteak «ahaztezinak» izango zirela agindu zuten Federakundeko kideek egitaraua aurkeztu zutenean, eta ziur bat baino gehiagorentzat hala izango dela.

Antolatzaileek Udalaren aldetik «oztopoak» izaten dituztela salatu arren, «jai herrikoi eta parte-hartzaileak» egiteko gai direla erakutsi zuten.

Altsasun, berriz, Sardiniako Orosei herriko gonbidatuen txanda izan zen atzokoa. Nafar hauek aurten astebete aurreratu dituzte beren «ihoteak», sardiniarrekin batera ospatu ahal izateko jaia. Animalia larruz zein burezurrez estalita, Altsasuko kaleetan ibili ziren atzo Euskal Herriekoekin antzekotasun ugari dituzten Sardiniako mozorroak.

Uztaritzen ere, azken egunetan da Hartzaro Festibala. Atzokoan, goizean zehar dantzariak eta musikariak ibili ziren herriko kaleak alaitzen. Arratsaldean, berriz, ikuskizuna izan zen pilotalekuan. Han ziren «Hartza Eguzki» Kanbo eta Baionako erraldoiak eta «Hiri Haut» Baxenabarreko txalapartariak. Hazparnen, bestalde, inguruko hainbat herritako bizilagunak elkartu ziren inauterietan ohiko duten Zanpantzar pertsonaiaren epaiketara.

Donostian, aldiz, mozorro festa eta kalejira ugari izan ziren atzo egun osoan zehar. Eguerdi partean, Zubietako zanpantzarrez eta Los Pasai fanfarrekoez lagunduta, Momo jainkoaren desfilea izan zen hiriguneko kaleetan.

Arratsaldean berriz, inauterietako desfile nagusian jende ugari bildu zen mozorroak soinean zituela. Karroza eta konpartsa dotere askoak ibili ziren kalean. Ez zen hor amaitu ordea, donostiarren inauteria. Gauera arte hainbat auzo eta kaleetan ere desfileak ugari izan ziren.

Iluntze partean gainera, inauterietako konpartsa tradizionalak irten ziren kalera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo