GARA > Idatzia > Kirolak > Alaves

Bigarren aukera Javi Lopezentzat

Asmo onak izatea ez da nahikoa urrutira heltzeko

Entrenatzaile berriaren «efektua» egiazkoa dela erakutsi beharko du Alavesek Levanteren kontrako lehian.

p046_f01_199x116.jpg

Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ

Aitzakiak jarri nahi dituenak, beti aurkitzen du bere akatsak estaltzeko baliagarria den azalpenik. Baina Alavesen egoerak jada ez du inolako ihesbiderik onartzen. Egoera oso ilun jarri da babazorroentzat, eta ezin dute denborarik galdu arazoari irtenbidea bilatzen.

Aldaketak ez dira egun batetik bestera heltzen, ordea. Intentzio onek ondorio bezala ekartzen dute emaitza; baina egoeraren larritasunaz jabetuta, gauza jakina da asmo onak ez direla aski urrutira iristeko. Horregatik ausart izateko garaia da, eta aldaketa benetakoa dela adierazteko sasoia. Talde arabarrak eraldaketa egiazkoa dela erakusteko beta paregabea dauka gaur arratsaldean, 17.00etatik aurrera Levanteren aurka jokatuko duen partidan; benetako test-a.

Javi Lopezek pasa den astean xahutu zuen «oraindik berria naiz, eta taldea nire taktikak barneratzen ari da» argudioa. Bazekien Alavesen egoera zein okerra zen, eta argi zeukan Gasteiz aldetik pazientzia aspalditxo agortu zela. Dagoeneko bi aste izan ditu prestatzaile kataluniarrak bere ideiak jokalariengana helarazteko, eta emaitzarekin pozik agertu zen: «Taldea egiten dugunarekin identifikatuta dago, eta hori zelaian gauzatu behar dugu orain».

Gola nola edo hala

Javi Lopezek bi obsesio zituen gaurko partidarako: Alexandre Geijo Levanteko aurrelaria eta gol falta. «Geijo ez da kategoria honetako jokalaria. Berak jartzen du aldea, eta kalitate puntu hori ematen dio taldeari». Horiexek izan ziren kataluniarraren adierazpenak azken prentsaurrekoan. Bada, kontuak zer diren. Atzo goizeko entrenamenduan jokalari suitzarrak peronea apurtu zuen, eta baja izango da denboralditxo baterako. Gauzak horrela, zorigaizto batek talde valentziarraren armarik eraginkorrena lehiatik at utzi du.

Baina Alavesen benetako kezkak kanpoan baino, talde barruan egon behar luke: gol falta. Azken lau neurketetan gol bakarra egin du talde gasteiztarrak, eta Javi Lopezek badu gabezia horren berri. Kataluniarra gogor aritu da arazo horri konponbidea jartzen, eta badirudi aurkitu duela erasoan emaitza hobeak lortzeko sendagaia: bi aurrelarirekin jokatzea.

Valentziarrek partida gutxi galdu dute aurten etxean, baina hori ezin da kontuan hartzeko faktore bat izan. Talde handi zein txikien aurka irabazteko beharra du Alavesek. «Oso talde ona da eta jokalariek gauzak ondo egiten dituzte. Baina badakigu zein den erabiltzen duten estiloa, eta argi dugu zer egin behar dugun», esan du Bartzelonako prestatzaileak itxaropen zantzu batez.

Kalkulu matematikoak, normalean, azken neurketetan erabiltzen dira, baina batzuek dagoneko egin dituzte lehen zenbaketak; eta egia esan talde arabarraren egoera ez da lasaigarria. Izan ere, salbazioa ziurtatzen duten 52 puntuetara iristeko Alavesek jokatzeko dituen neurketen erdiak irabazi egin behar ditu. Horregatik, zenbat eta arinago hasi hirunaka gehitzen, orduan eta estutasun gutxiago gero. Logika hutsa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo