Ixabel Etxeberria Irakaslea
Pribilegiotsuen auzo batzuetatik
Nire ingurura begiratzen dudalarik, urteen ondorioa galdekatzen dudalarik, ulertzen dut bulego batzuetan, Sarkozy bezalako estatu morroi batzuek erabaki dutela nik bizi dudanaren, nire hizkuntzaren, nire hatsaren desagerpena
Zertan ari da Sarkozy? Alde guztietatik arazoak agertzen zirelarik Genevara joan zen duela aste bat, asteburua pasatzera, munduko txapelketa iragaiten ari zenez, bertaraino joan behar zuela-eta zein ongi antolatuak ziren ikustera. Noski, andrea lagun eta hemeretzi bizkarzain, prentsaren urruntzeko. Asteburuan elur toki horretan ikusi zituzten lasaiki ibiltzen karrikan, bost jeep ederretan, berri-berriak, Nissan markakoak. Dakigularik Estatu frantsesak hiru miliar euro utzi dizkiola Renault enpresari, krisia dela-eta, eta Renault dela Nissango partaide nagusia, badira enpresa eta politikoen arteko lotura batzuk susmagarriak direnak! Inork ez baitaki nork ordaindu duen presidentearen zerbitzurako utzitako auto horiengatik.
Garai oparoak balira Sarkozyren gehiegikeriak interes gabekoak izanen lirateke, baina iragarri dituen neurri ekonomikoak entzun ondoren, eta Guadalupeko oihuaren aurrean izan duen axolagabekeria ikusita, jasanezina da.
Guadalupek urteak daramatza Parisi eskakizunak egiten, bertako nagusiekin borrokatzen eta haien politika baztertzailea sufritzen. Parisek ez du deus egin. Aldi honetan ere uste zuten bertako herritarrak lasaituko, aspertuko zirela eta dena berdin izanen zela. Horretarako, hilabetez izan den erantzun bakarra militarren kopuru emendatzea izan da. Hilabetea joan da eta oraindik ere negoziazioak ez dira borobildu, luzatzen dira, greba orokorraz sufritzen dutenak guadalupetarrak baitira, ea aspertzen diren eta amore ematen. Hau izango da Pariseko kalkulua!
Eta zertan ari da MAM? Guadalupe bere ardurapean dago, bera da ministroa. Kristiane Taubirak dioen bezala, Guadalupe «terra inkognita» da jende horrentzat. Kezka gehiago daukate beren arteko tirabirak zaintzen, benetako arazoei erantzuten baino. Eta MAMek du ekintza bakarra bururaino eraman. Hark du militar gehiago harat igortzea erabaki. Ez dakite zer egin uharte horiekin. Harreman naturala zaintzen dute haien adiskide politikoekin, alegia, xuriekin, apartheid batean bizi direna, Taubirak esplikatzen duen bezala, eta gehiengoaren bizi baldintzak usteltzen uzten dituzte.
Izan al da aspalditik kudeaketa hain kaskarrik Estatu frantsesean? Presidentearen andrearen jolastokia herritarren zailtasunak baino inportanteagoa den oraingo Estatuan baino? Alta, ikusi ditugu erokeriak, Kanakia, Rainbow Warrior, baina Guadalupekoak erakusten digu Estatu frantsesa ez dena mugitzen eta harrokeriaz jokatzen jarraitzen duela.
Gurean ere, UNESCOk berriz ere euskara desagertzeko zorian kokatzen du. Urtero hala omen da, horrela esplikatu didate. Baztarrikak ere hain larria ez dela esplikatzen du. Iruditzen zait, alta, nire inguruan begiratzen dudalarik, urteen ondorioa galdekatzen dudalarik, ulertzen dut, bulego batzuetan, Sarkozy bezalako estatu morroi batzuek, nik bizi dudana, nire hizkuntza, nire hatsaren desagerpena erabaki dutela. Kasu horretan ere egoera usteltzen uztea erabaki dutela, nahiz eta epe luzeago batean izan.
Munduaren ikusteko haien manera da, Pariseko pribilegiotsuen auzo batzuetatik. Mundu horrek merezi du desagertzea.