GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Arantxi Sarasola eta Bego Tabera LAB- Zerbitzu Publikoak

Osakidetza, berandu eta, gainera, euskaldunoi mehatxuka

LABek Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eta Arartekoari jakinarazi die gertatutakoa, eta Osakidetzan azalpenak eskatu ditugu. Erantzunak aho bete hortz utzi gaitu: Osakidetzak lehiaketa- oposizio hauetan aterako diren galdera-erantzunak Sevillako MAD argitaletxearen esku utzi ditu, eta nonbait, euskarazkoa gehiago ari omen zaie kostatzen

Osakidetzaren euskara normalizatzeko lehen plana 2005ekoa dugu. Planak 2005 eta 2011 bitarteko aldia hartzen du. Euskararen Legea 1982koa dela eta Osasun Zerbitzuak normalizazio-plan berariazkoa ezarri behar duela dioen Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko legea 1997koa dela kontuan hartzen badugu, plana berandu heldu dela garbi dago. Are gehiago, gogorarazi behar dugu honako plana erdietsi genuela, ez Osakidetzan diren arduradun politikoen borondate eta kemenari esker, baizik eta euskaldunok gure eskubideen alde egindako borrokari, eta Osakidetza barruan LABek egindako aldarrikapen eta lanari esker.

Berandu heltzeaz gain, oso helburu eznahikoak planteatzen ditu 2011rako, eta bien bitartean gaurko errealitatea gordin bezain gogor azaltzen zaigu begien aurrean: osasun sistemak gaztelaniaz funtzionatzen du.

Baina gauza bat da Osakidetzara euskararen sarbidea kostata lortu izana, eta beste bat da Osakidetzaren aldetik euskararen eta euskaldunon aurkako ekintza zuzenak pairatu behar izatea. Eta halaxe gertatu da azken egunotan Osakidetzan abian den lehiaketa-oposizio prozesuaren testuinguruan. Administrari laguntzaile lanposturako lehiatu eta azterketak euskaraz egitea aukeratu duten hautagaiei Osakidetzak ohar bat bidali die, hitzez hitz honako hau adieraziz: «Osakidetzako 2008rako Enplegu Publikoko Eskaintzari lotuta, hurrengo egunetan gaztelerazko liburua jasoko duzu, oposizioaldiko `Administrari laguntzailea' kategoriako galdera-bateriarekin parte hartzeko eskabidean eman zenuen helbidean. Gero, eta helbide berean, euskarazko bertsioko liburua jasoko duzu. Era berean, aukera hau aprobetxatzen dugu oposizioaldiko ariketa euskaraz bakarrik emango zaizula gogorarazteko, salbu eta posta elektroniko honi erantzunez ariketa gaztelaniaz egin nahi duzula esaten ez badiguzu, deialdi horretako ariketa euskaraz egitea hautatu baitzenuen».

Osakidetzak bidalitako ohar diplomatiko honen atzean mezu larri asko ezkutatzen eta helarazten dira: «zer-nolako alferrikako lan eta tramitazioa eman diguzuen azterketa euskaraz egitea hautatu duzuenok!», «zer alferrikako lan eta tramitazioa dugun oraindik ere egiteke zuen hautu horren erruz», «azterketa hauek gainditzea zailagoa izango zaizue euskaraz egitearekin tematuz gero, hasteko eta behin, galderak beranduago jasoko dituzue», «euskaldunok zer bitxo arraroak zareten!».... Laburbilduz: euskara Osakidetzarentzat alferrikako lan gehigarria da, eta euskaldunok lehiaketa-oposizio prozesu honetan ez ditugu aukera berdinak izango.

LABek Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eta Arartekoari jakinarazi die gertatutakoa, eta Osakidetzan azalpenak eskatu ditugu. Beraien erantzunak aho bete hortz utzi gaitu: Osakidetzak lehiaketa-oposizio hauetan aterako diren galdera-erantzunak Sevillako MAD argitaletxearen esku utzi ditu, hau da, enpresa honek prestatu du galdera-multzoa, eta nonbait, euskarazkoa gehiago ari omen zaie kostatzen. Noski! baina zergatik ez zitzaion horren enkargua IVAPi eman? Ala, beste oposizioetan egiten den bezala, zergatik ez galdera-multzoa epaimahaikideen artean egin? Ez, Osakidetzak -alde bakarrez eta lehiaketarako baldintzak negoziatu gabe- ondo ordaindutako enkargu hau MAD argitaletxeari esleitzea erabaki zuen. Eta gero izaten dira honelako lardaskeriak, baina «total, euskara eta euskaldunon hizkuntz eskubideak zer dira, ba?, hain garrantzitsuak al dira?» pentsatuko dute Osakidetzako arduradunek.

LABen, aldiz, oso garbi dugu Euskal Herrian zerbitzu publikoak euskaldunak izan behar direla, euskal herritarrok eskubidea baitugu gure eskubideen betetzea eta administrazioarekin ditugun harremanak euskaraz egiteko, eta beraz, zerbitzu publikoak soilik izango direla benetan publikoak baldin eta euskaraz ematen badira, bestela euskal herritar zenbait baztertuta geratuko bailirateke eta hortaz, izaera publikoa galduko bailukete. Zentzu honetan gure konpromisoa berresten dugu honen alde borroka egitera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo