GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Hego Euskal Herriko futbolariei IParralderako bidea parez pare ireki die Ibon Enziondok

Ibon Enziondo da Ipar Euskal Herriko talde batean ari den Hego Euskal Herriko lehen jokalari profesionala. Bizkaitar hau heldu berria da Lapurdiko hiriburura, eta Athleticek utzita joan da. Hemendik aurrera gehiagok ere lapurtarren elastikoa jantziko duten itxaropena zabaldu da.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ibon Enziondo jokalari bizkaitarrak ate berriak zabaldu ditu. Orain arte Hego Euskal Herriko jokalaririk ez da izan Ipar Euskal Herriko goi mailako talde batean. Ez hangoek nahi izan ez dutelako, Hegoaldeko jokalariek han jokatu nahi izan ez dutelako baizik. Hemendik aurrera, ordea, gauzak aldatzea espero dute bai Avirongo eta bai Genetseko zuzendariek.

Maila erabat amateurretan bai, ibili izan dira Hego Euskal Herriko futbolariak, bai Arin Luzienen eta bai Englantinsen ere, Irun eta Hondarribia Donibane Lohizune eta Hendaia ingurutik oso gertu baitaude, eta jokalari mordoxka bat izan dira bi talde hauetan, baina hortik gora, ez.

Avironek ahalegin bat baino gehiago egin izan ditu, bai Realarekin hitzarmena zuenean, jokalariren bat utzita hara joateko, baita bestelako jokalariak fitxatzeko ere, baina futbolariek ez zuten nahi izaten. Orain hitzarmena Athleticekin dauka, eta neguko fitxatzeetan heldu da Lapurdiko hiriburura Ibon Enziondo.

«Egia esan ezustean harrapatu ninduen eskaintzak. Athleticek utzita Baionan jokatzeko aukera nuela esan zidaten. Aurretik bururatu ere ez zitzaidan egin han jokatzea, baina gero etxekoekin eta lagunekin hitz egin, eta baietz erabaki nuen, eta ez dut inongo damurik», azaldu du bizkaitarrak.

Izan ere, oso azkar eta gustura moldatu baita taldera: «Hasieran, hizkuntza dela-eta beldur pixka bat ekartzen duzu, baina gero aldagelan badaude euskaraz hitz egiten duten jokalari batzuk, eta gaztelaniaz ere badakite hainbatek. Aldagelako giroa ere oso ona da, batasun handia dago, eta hori ere garrantzitsua da». Ibonek gaineratu duenez, «azken batean, Euskal Herrian jarraitzen dut, nire etxetik oso gertu, eta hori ere garrantzitsua da, eta futbolean jokatzeko leku on bat topatu dudanez, oso gustura nago».

Orain arte Hegoaldekoek zergatik ez ote duten Iparraldera joan nahi izan galdetuta, berak ere ez du ulertzen. «Agian hizkuntzaren beldurra izan daiteke, ez dakit, aurrez aipatu bezala, leku ona da, eta edozeinentzat gomendagarria». N1 mailari dagokionez, oso ona dela aitortu du Enziondok: «N1 maila oso indartsua da. Talde oso onak daude, eta hemen, gainera baloia asko ukitzen da. Guk horrela egiten dugu, eta besteek ere horrela egiten dutela konturatu naiz. Aurrez aipatu bezala, honek ez dauka inongo aitzakiarik, eta oso jende jatorra aurkitu dut taldearen inguruan, eta gainera etxean nago. Hegoaldeko beste norbaitek ere bertara etortzeko aukera izango balu, zalantzarik ez izateko esango nioke», azaldu du.

alderantzizko bidea

Enziondok egindako bidearen alderantzizko norabidea hartu duena Ximun Duhour da. Gaur egun ohikoa bihurtu da Ipar Euskal Herriko jokalariak Zubietan ikustea, eta pentsatzekoa da Lezaman ere aurki gauza bera gerta daitekeela. Bide hori ireki zuenetako bat Ximun atezaina da. Gaztetxoa zela heldu zen Realera. Urte mordoa talde zuri-urdinean eman ostean, eta Eibarren hilabete batzuetan aritu ostean, Avirongo atezaina da gaur egun.

«Hasieran kezkati joan nintzen. Dena berria zen, baina gauzak ongi joan dira eta egoera hori normaldu da. Orain Enziondo hemen dago, eta alderantzizkoa ere normaltzat bihurtu beharko litzateke», esan du Ximunek. Bera euskal hiztuna izaki, Enziondoren gidarietako bat izan da Avironen: «Oso gustura aritu naiz berari laguntzen, baina egia esanda, bakarrik ere ongi moldatu da. Poz handia ematen du, gainera, euskal hiztun bat gehiago aldagelan izatea, jadanik lau bagara, eta hori ere ona da», gaineratu du atezain lapurtarrak.

Hegoaldekoei zergatik kostatzen ote zaien horrenbeste bertara joatea galdetuta, berak ere ez daki: «Ez dakit. Agian hizkuntza, agian bizimodu ezberdina», esanez ahalegindu da Ximun. «Hemen beste euskal talde bat dagoela argitu behar zaie denei. Ni Baionan, Bilbon edo Donostian, etxean sentitzen naiz, euskalduna naiz, eta hau ere Euskal Herria da», aldarrikatu du Avirongo atezainak.

Askok Avironek izan dezakeen mailaz ere zalantzak agertzen dituzte, baina horiek uxatzeko inor baldin bada, hori Ximun da. Bera bai Sanserekin eta bai Eibarrekin Bigarren B Mailan aritu da, eta Realeko lehen taldearekin jokatu ez bazuen ere, ordezkoen aulkian dezentetan izan zen, beraz Estatu espainoleko eta Estatu frantseseko ligak ederki ezagutzen ditu, eta alderatzeko gai da: «N1 maila, Bigarren B maila baino hobea da. Adibide bat jartzeko, Bigarren B Mailako lau multzotako talderik onenek, eta Bigarren Mailako txarrenek osatuko lukete N1, edo bestela esanda, Estatu espainoleko Bigarren A eta Bigarren B mailen tarteko bat izango litzateke Avironen maila», azaldu du. «Lehen eta Bigarren Mailan dauden bost horiek kenduta, euskal talderik garrantzitsuena da Aviron. Helburuak ere oso onak ditu, eta gorantz egin nahi du. Proiektu eta erronka ederrak ditu, eta hemen ere euskaraz hitz egiten dugu. Inork ez luke honantz etortzeko arazorik izan behar», gaineratu du Ximunek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo