GARA > Idatzia > > Kultura

Manex Agirre eta Juan Mari Juaristi, txapelketan aurrera

Larunbat afalostean abiatu zen aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketa. Amurrion izan zen hitzordua eta Manex Agirre nagusitu zen inauteri giroa nabarmen izan zuen saioan. Bigarren Juan Mari Juaristi izan zen eta beraz, biak zuzenean sailkatu dira finalerdietara.
p058_f01_148x104.jpg

GARA | AMURRIO

Manex Agirrek irabazi zuen larunbatean Arabako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa, Amurrioko Arenalde jatetxean, berrogei bat lagunek girotu zuten afalondoan. 159 puntu lortu zituen aramaioarrak eta bigarren lekuan Juan Mari Juaristi sailkatu zen 149,5 punturekin. Hala, biak martxoaren 15ean hasiko den finalaurrekora zuzenean sailkatu ziren. Zigor Enbeitak 148,5 puntu lortu zituen, Serapio Lopezek 146, Ruben Sanchezek 143 eta Felipe Zelaietak 134,5. Horiek datozen saioetan beste parte-hartzaileek lortutako puntuazioa ikusi arte itxaron beharko dute hurrengo fasera sailkatuko ote diren jakiteko.

Hamar eta erdiak pasatxo hasi zen bertso saioa, eta protagonistek, ohiturei jarraituz, mozorroturik bota zituzten lehen agurrak. Ondoren, enpresa bereko langileen arteko gorabeherez jardun behar izan zuten Zelaietak eta Lopezek. Lehenak, mobilizazio askoren ostean, kaleratzea onartu zuen; bigarrenak, berriz, gogoz eutsi zion borrokari, «ia galduta bagaude eta / galdurikan ez da galtzen» botaz. Jarraian erantzun zion Zelaietak «baina galduta egon gaitezke / beste askotxo bezala / jarraituz gero sindikatuek / jarritako erregela / adiskidea gu urte luzez ezingo gara horrela / ikusten da bai, Serapio, lagun / oraindik soltero zaudela».

Zortziko txikian bertsolariak umorez eta arin ibili ziren. Lopez eta Sanchez, esaterako, rockero gazte eta zaharraren azalean sartu ziren. 60 urteko agureak, Sanchezek, talde gaztean sartzeko asmoz, «baina temosoa naiz / ta askotan plasta / Maurizian doinura eta Evariston kasta» kantatu zuen.

Manex Agirre puntuari erantzutean fin ibili zen: «Politikoek dute hamaika aurpegi / gezurra sobran eta / faltan mila egi / prometitzen dituzte / agian gehiegi / ondoren bihurtzeko / denontzat miseri».

Txapelketako bigarren kanporaketa ostiralean izango da Oionen. Arratsaldeko zortzietan jarrita dago afarirako hitzordua eta jarraian, Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa, Alberto Martinez Beitto, Xabi Igoa, Ander Sorozabal eta Izar Mendiguren arituko dira bertsotan. Idoia Beitiak zuzenduko du saioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo